Aratusteetako Kopla Txikien zein Mozorro lehiaketetarako izen-emoteak zabalik

Bizkaie! 2024-01-10 13:06   Kulturea

Aratuste goiztiarrak datoz aurten, hilabete barru Bilbo mozorrotuta egongo baita.

Altxaporrue izan zan kopla txikien 2023ko talde irabazlea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko astean izango da Kopla Txikien Lehiaketea, Kafe Antzokian egingo dana. Kopla Txikien Lehiaketea zezeilaren 3an izango da eta Mozorro Lehiaketea hilaren 10ean. Bada, batean zein bestean izena emoteko aukerea zabalik dago, Bilboko Konpartsak kolektiboaren webgunean. Bestalde, 2024an Farolin eta Zaranbolas nortzuk izango diran iragarriko da gaur arratsaldean bertan, Jai Batzorde Mistoaren bilerearen ondoren.

Hasteko, Kopla Txikien Lehiaketearen IX. edizinoa zezeilaren 3an, zapatuan, Kafe Antzokian izango da. Errima musikatuen lehiaketa horretan edozein taldek parte hartu leike, alkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konparsa, abesbatza edo bestelakoa, hiru baldintza bete ezkero: Izena emotea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide danak mozorrotuta jardutea. Informazino guztia eta izen-emote formulariorako lotura orrialde honetan topauko dozue. Izena emoteko azken eguna urtarrilaren 28a izango da. 

Hurrengo zapatuan, zezeilaren 10ean, Aratuste Zapatuan, Aratusteetako Mozorro Lehiaketea izango da. Konparsek ez eze, taldeak eta norbanakoek parte hartu leikie. 2024an banakako mozorroek (baita hiru lagun arteko taldeak be) eguerdian desfilauko dabe, taldekakoak arratsaldean.

Bilboko Jai Batzorde Mistoak sari-multzo batzuk ezartzen ditu (izakera ludiko eta gastronomikoa daben fruta edo genero sortak), kategoriatan banatuta. Araudia eta izen-emotea orrialde honetan dagoz. Izen-emotea zezeilaren 3a, (zapatua), baino lehenago egin daiteke formulario honetan, edo sariketearen egun berean. Banakakoen kasuan 12:00 eta 12:15 bitartean egin ahal izango da bertan, Berastegi metro urtekerearen ondoan. Taldeen kasuan 16:00 eta 16:30 bitartean, Portuko Markesaren kalean egin ahal izango da izen-emotea.

Gaur, urtarrilak 10, eguaztenean, Bilboko Jai Batzorde Mistoa batuko da arratsaldean eta, bilerearen ondoren, aurtengo Bilboko Aratusteetako Farolin eta Zarambolas personaiak iragarriko dira. Sare sozialetan be emongo dabe horren barri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu