Igaz % 40 gehiago izan ziran Gernikako Batzar Etxera egindako bisitak
2024-01-10 10:56 Kulturea63.109 personetatik % 85 lurraldetik kanpokoa zan.
2023an, parlamentuko esparrua ezagutzera hurreratu ziran personen % 85 Bizkaitik kanpotik heldu zan. Gernikako Arbolak atseden hartzen dauen lekuak beste lurralde eta Autonomia Erkidego batzuetatik etorritako bisitarien arretea jaso eban barriro be, baina aurten atzerritarren kopurua nabarmen hazi da, batez be, Frantziatik, Estadu Batuetatik eta Alemaniatik etorritakoena. Hiru herrialde horreek bisita guztien ia % 20 hartu eben.
Sarbide sistemearen bidez zenbatu diran 63.109 bisitariei, Gernikako Batzar Etxeko lorategi gunetik beste barik paseau eben milaka turista gehitu behar jakez, bertara ticketing sistemea igaro barik sartu daitekelako. Pandemiatik, 35 personako edukiera mugatua dago barrukaldea bisitetako orduan.
Gernikako Arbolak hartzen dauen esparrutik bost kontinenteetako personak ibili ziran eta horreei barrutia modu ofizialean ezagutzeko eskaria aurretik egin eben talde bereziak gehitu behar jakez. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak, besteak beste, Frantziako Poitiers herriko ordezkariak eta ikasleak, AEBetako politika, enpresa eta irakaskuntza arloko persona ospetsuak, Peruko Gobernuko goi funtzionarioak eta Basque Trade & Investment Bulegoen Nazinoarteko Sareko kideak hartu zituan.
2021eko garagarriletik, Gernikako Batzar Etxearen barrukaldea bisitau gura dauenak aldez aurreko erreserbea eskatu behar dau hemen edo Batzar Nagusiak erakundeko barrutian bertan instalautako totemaren bidez, orduko 35 personako leku mugatua dagoalako. Sistemeak sarrera bat emoten dau, ezelako kosturik barik, gela nagusietan norabide bakarreko ibilbidea egiteko (Beiratearen Aretoa, Osokoen Aretoa, Liburutegia, lehendakariaren bulegoa...). Gernikako Arbolaren lorategi guneak sarbide librea izaten jarraitzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!