'Egun zoragarriak'/'Dias estupendos' antzezlanaren estreinaldia Bilbon

Bizkaie! 2024-01-10 10:24   Kulturea

Estreinaldia euskaraz izango da urtarrilaren 19an.

Urtarrilaren 26tik aurrera, barriz, gaztelaniazko bersinoa antzeztuko da, Dias estupendos. Denboraldiko lehen estreinaldia izango da, Gazte Konpainiaren 9. promozinoa protagonista dauen lana. Urtebete falta da Pabilioi 6eko Gazte Konpainiaren hamargarren urteurrenerako eta oraindino indarrean dago talde gazteen profesionalizazinoaren alde egiteko helburua. Urte honeetan, 50 aktore gazte baino gehiago pasau dira bertatik eta 9 produkzino egin ditue.

Aurten aukeratutako antzezlana Dias estupendos izan da, udeari buruzko kontuak oinarri eta Alfredo Sanzolen testua dituana. Pieza istorio txikietan oinarrituta dago eta udearen nostalgia eta umezaroaren askatasun galdua ekarten ditu gogora. Gainera, eguneroko bizitzako errutinatik kanpo proiektetan ditugun adiskidetasunari, hartu-emon personalei eta fantasiei buruzko hausnarketea proponiduten dau.

Udan, nork bere paradisua eregiten dau eta kursoan zehar egin ezin dituan gauza guztiak egiten ditu, ausartzen ez dalako edo astirik ez daukalako. Danok desietan dogu alaitasun eta poztasun ha eguneroko bizitzara eroatea. Udako igeskortasun ha urte osoan iraun arazoteko gogo horrek frustrazinoa dakar. Frustazino hori antzemoten da antzezlanean. Momentu dramatikoak eta barregarriak tartekatzen dira. Komedia sensual, lotsabako eta sentimentala da.

16 sketx dituan lana Itziar Lazkanok zuzendu dau eta eszena/istorio bakotxeko rol ezbardinetan 6 antzezle ibiliko dira: Gorka Luna, Izar Pizarro, Itxaso Sanchez, Omar Somai, Markel Vázquez eta Sofía Zallio. Testuaren euskerazko bersinoa Patxo Telleriak egin dau eta zuzendari laguntzailea Iñigo Cobo izan da. Alde teknikoan, jantziak Betitxe Saituarenak dira, atrezzoa eta elementu eszenografikoak María Casanuevarenak, argiztapen-diseinua Fernando Alcáuzarrena eta kantu-zuzendaritza lanak Yeray Vázquezek egin ditu.
Kartela, barriz, Lu Sáiz Báezena da.

Antzezlana urtarrilaren 19tik 21era euskeraz eta urtarrilaren 26tik zezeilaren 11ra gaztelaniaz taularatuko da, barikutik domekara eta sarrerak www.pabellon6.org webgunean dagoz eskuragarri. Barikuko eta zapatuko saioak 19:30ean izango dira eta domeketakoak 19:00retan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu