Bilboko Udal Musika Bandeak VII. Topaketen amaierako kontzertua eskainiko dau

Bizkaie! 2024-01-09 11:05   Musikea

Emonaldia, urtarrilaren 12an izango da J. Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan.

José R. Pascual-Vilaplana, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zortzigarren urtez jarraian, Bilbao Musika, Orkestra Zuzendaritzari buruzko Topaketen edizino barri baten egoitza bihurtu da. Lehiaketearen helburu nagusia, talde instrumentalen gidaritza garatzeko baliabide tekniko eta artistikoak eskaintzeaz gan, gaur egungo formazinoetan orkestra-zuzendaritzaren azterketa sustatzea da. Aurreko edizinoen arrakastaren ondorioz, erreferentea bihurtu da, bai Estadu mailan, bai nazinoarte mailan.

Aurten, topaketak 2024ko urtarrilaren 9tik 12ra izango dira. Aurreko edizinoko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, ikasturte honetan Bilbao Musika Nazinoarteko Zuzendaritza Sariaren bigarren edizinoa egingo da, musika zuzendaritzaren inguruko dibulgazino-jardueregaz batera. Hautatutako parte-hartzaileek Bilboko Udal Musika Banda zuzenduko dabe, lehiaketearen faseetan. Azken irabazleak, sari moduan, Bilboko Udal Banda zuzentzeko aukerea izango dau 2024-2025 denporaldirako zuzendari konbidau bezela.

Guztira 20 personek emon dabe izena zortzigarren edizinoan eta ikasleen jatorria askotarikoa da. Izena emon dabenen % 25 atzerritik etorri da, Italiatik, Portugaldik, Herbehereetatik eta Austriatik, hain zuzen be. Horreezaz gan, Estaduko autonomia-erkidego askotako ikasleek parte hartuko dabe, besteak beste, Andaluziako, Galiziako, Murtziako, Kanariar Irletako, Gaztela eta Leongo, Valentziako Erkidegoko, Madrilgo eta Aragoiko ikasleek.

José Rafael  Pascual-Vilaplana Bandaren zuzendari titularrak gidatuko dauen ikastaroan, Timothy Reynish maisu britainiarrak be parte hartuko dau irakasle konbidau bezela. Guztiei ongietorria Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzi Delegatuak, emon deutse Arriaga Antzokian.

Kultura eta soinuak

Urtarrilaren 12an, barikuan, emango deutse amaierea orkestra-zuzendaritzako topaketei, arratsaldeko 18:30etatik aurrera J. Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan eskainiko dauen Kultura eta soinuak izeneko kontzertuagaz. Lehiaketearen azken faseko kontzertuan, Udal Bandea, hiru batuta finalistek zuzenduko dabe, eta Josep Vicent Egearen Entzierro, Kennet Haskethen Masque, Alfred Reeden Armenian Dances eta Giacomo Pucciniren La fanciulla del West entzun ahal izango dira. Timothy Reynish, nazinoarteko batutarik onenetako bat, epaimahaiburu izango da eta Basilio Astúlez, barriz, epaimahaiko kide. Sarrera dobakoa izango da lekua bete arte.

Emonaldiaren ostean, Bilboko taldea Euskalduna Jauregiko Auditoriora bueltauko da datorren urtarrilaren 21ean, Omenaldiak izeneko kontzertuagaz. Timothy Reynish maisuak gidatuko dau talde bilbotarra eta Andrew W. Reynish biolontxeloaren laguntzinoa izango dau. Bertaratzen direnek Yasuhide Ito, Luis Serrano, Christopher John Marshall eta Adam Gorb artisten obrak entzun ahal izango ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu