Joxe Mari Zeberio da 6. Baserritarron Laguna

Bizkaie! 2024-01-05 10:16   Kulturea

Sektorea egituratzearen eta Familia Nekazaritzearen alde egindako lana autortu jakoz.

Joxe Mari Zeberio | Ikusi handiago | Argazki originala

2014 urtean, Baserritarron Laguna Sariaren lehen edizinoan, Jaime Zubia Zinkunegirentzat izan zan; 2016 urtekoa, Amama zinema filmak irabazi eban; 2018an ETBko Sustrai saioak; 2020an Nikolas Segurolarentzat; eta 2022an Orona Fundazinoak eroan eban.

Aurte, barriz, 7 hautagai proposamenak aztertu eta balorau ostean, aurtengo saria Joxe Mari Zeberio jaunari emotea erabagi dabe.

Joxe Mari Zeberio

Ataunen jaio zan 1949 urtean baina berehala Andoaingo baserri batera joan zan biziten. Bere ibilbidean zehar helburu bakarra izan dau: Lehen sektorearen eta familiaren etorkizun duinaren alde lan egitea. Helburu horri eutsiz, Cándido Iturriaga eta María Dañobetitia Fundazinoan ibili zan beharrean eta handik bultzatuta, baserritarren egituratzea bultzatu eban bai sindikalgintzan bai kooperatiba edota kudeaketeari jagokenez.

Baserria, baserritarrak eta beren familien duintasuna aldarrrikatzeaz gan, gogor egin dau euren alde eta zeozer azpimarratzearren, 1999an Munduko Landagunea sorrerearen gidaritzan ibili zan eta lanaren isladea dogu gaur egun mundu osoko 35 miloe nekazarien ordezkari diran 51 eragilez osotutako sarea.

ML-FRM lan eskergatxaren ondorioz Familia Nekazaritza kontzeptua eta aldarria nazinoarteko agenda politikoan txertatu da eta horren ondorioz nahiz ONU nahiz FAOgaz aurrez aurreko hartu-emonak lortu ditu eta Familia Nekazaritzearen Hamarkada onartu zan 2017 urteko abenduan.

Saria, hemendik hilebetera, urtarrilaren azken barikuan, urtarrilaren 26an, Hernaniko ORONA Fundazinoaren Auditorioan ospatuko da, aurrez egingo dan ENBAren Batzar Orokorra amaitu ondoren.

ENBA nekazal sindikatua

Bertako baserritarrek osotzen daben alkarte bat da, baserriko ogibidea defendiduteko eta bide batez, euren bizimodua hobetzeko. Azken urteotan, Euskadiko gizartean alkarbiziten garen baserri mundu eta uri mundu arteko urruntasunaz arduratuta, hainbat ekimen jarri ditue martxan, besteak beste, Ondo Etorri Baserrira izeneko ate edegietako egunak eta Baserritarron Laguna saria.

Saria, Larraulgo Karlos Irazu eskulturgileak egindakoa, Meta izenekoa (sektore barrukoak eta kanpokoen indar metaketea irudikatuz) eta Iñaki Goenaga, ENBAko presidenteak, Joxe Mari Zeberiori emongo deutso, KONFEKOOPeko zuzendaria dan Iñaki Nublaren aurkezpena amaitzean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu