Chillida Lekuk Eduardo Chillida jaio zaneko mendeurrena ate edegien astegoienagaz ospatuko dau

Bizkaie! 2024-01-05 09:27   Kulturea

Urtarrilaren 13an eta 14an, museoak publiko guztientzat dobako jarduerak eskainiko ditu.

Argazkia: IƱigo Santiago | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtarrilaren 10ean, 100 urte beteko dira Eduardo Chillida artistea jaio zanetik eta Chillida Leku museoak oso modu berezian ospatu nahi dau, izan be, urtarrilaren 13an eta 14an, ate edegien astegoiena atondu dau nahi dabenek eskultorearen pentsamendua, obra eta testuingurua sakonago ezagutu deien.

Mireia Massagué, Chillida Lekuko zuzendariak, holan adierazo dau: Chillidak amestu eban lekutik, beso zabalik hartu nahi zaituegu, ospakizun hau oso berezia izan daiten eta horregaitik, mendeurreneko astegoienean publikoa geugaz batera egotea nahi dogu haren artea ezagutzeko eta esperimentetako, berak gura eban moduan bere eskulturen artean baso bat balitx legez ibilteko eta bere obrara hurreratzeko aukerea izan deien.

Ate edegiak egingo diran egun bi horreetan, publiko guztientzat zuzendutako dobako ekintzak egingo dira eta horreetako batzuk dira museora bisita gidatuak, familian egingo dan arte-tailerra Maushausegaz eta Maeght Unibertsoa aldi baterako erakusketako Barriketa Bisitaldiak. Horreetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da gonbidapenak erreserbetea Chillida Lekuren webgunean gaurtik aurrera.

Eduardo Chillidak berak sortu eban Chillida Leku. Bertan dago artistearen lanaren zatirik handiena eta adierazgarriena. Hernaniren kanpoaldean dago, Donostiatik oso gertu. Eskultura batzuk aire zabalean dagoz eta, horrezaz gan, erakusketa eremu bat dau Zabalaga baserriaren barruan, XVI. mendean eregitako euskal eraikuntza tradizionala da baserria.

Etxea eta ondoko lursailak 80ko hamarkadan erosi eutsezan Eduardo Chillidak eta Pilar Belzunce emazteak ordura arte jaubea izandakoari, Santiago Churrucari. Ondoren, hamabost urte baino gehiago, zaharbarritu eta egokitu zituen baserria eta lurrak. Zaharbarritze-proiektua Joaquín Montero euskal arkitektoagaz lankidetzan egin ebe eta harek lagundu eutsen erakusketa-espazioaren ikuspegi personala gauzatzen.

Gauzak holan dirala, urtarrilaren 10ean, ehun urte beteko dira eskultorea jaio zanetik eta egun horretan hasiko dira Eduardo Chillida 100 urte. Topalekua lelopean Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazinoak atondutako ospakizunak.

Artistearen obra eta ondarea zabaltzeko asmoz, urteurrenak programazino oparoa izango dau, besteak beste, artistearen alderdi ugarietara hurreratzeko Estaduko eta nazinoarteko museo askotan erakusketak, argitalpenak, ikus-entzunezko proiektuak, hezkuntza arloko proiektuak eta proiektu akademikoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu