2024ko Bilboko Kabalgateak betiko ipuinak izango ditu ardatz

Bizkaie! 2024-01-04 12:50   Kulturea

Bilboko Udalak hamaika karroza eta lau kale-animazino diseinau ditu.



Ekialdeko Errege Magoak gaur goizean Arriaga antzokian batu dira Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziagaz, bisitaren eta bihar, urtarrilak 5, urian zehar egingo daben kabalgatearen azken xehetasunak gainbegiratzeko. Aurten desfileak betiko ipuinak izango ditu ardatz, bai eta Peter Pan, Pinotxo, Alizia Herrialde Miresgarrian eta Mila Gau eta Bat Gehiago-ren istorioen magia be.

Barrikuntzen artean, Errege Magoek umeei egingo deutse harrerea da nabarmenena, goizeko 11:00etatik 14:00etara udaletxeko Areto Arabiarrean.

Arratsaldean, Errege Magoak Bilboko kaleak zeharkatuko ditue Erregeen Kabalgatan. Desfilea 18:00etan hasiko da Kale Nagusiaren eta Maria Diaz Harokoaren kalearen arteko bidegurutzean eta Moyua plazatik, Kale Nagusiaren behealdetik eta Plaza Biribiletik igaro eta gero, Buenos Aires kalera bideratuko da. Ibilbidearen amaierea Udaletxearen aurrean izango da.

Ohiturak agintzen dauenez, suhiltzaileen kamioi zahar batek, Udaltzaingoagaz batera, Errege Magoentzat bidea edegiten lagunduko dau.

Erregeen Posta Saila joango da desfilearen hasieran. Oinez, karrozearen gainean, patinetan eta trikimakoetan, Erregeen 18 postarik erlojuaren kontra lan egingo dabe azken orduko gutunak eskuratzeko eta Ekialdeko Erregeen posta-makina magikoan sartzen dirala ziurtatzeko, munduan zehar opariak banatzeko ibilbidea hasi aurretik.

Ondoren, betiko ipuinetako personaien txandan, Bremengo musikariak izango dira protagonista, Truski eta Traski-ren zuzendaritzapean eta Txaloka orkestreagaz batera, zuzenean, Grimm anaiek Saxonia Beherean girotutako ipuineko protagonistak Bilbora helduko dira.

Alizia Herrialde Miresgarrian izango da hurrengoa desfilean. Lewis Carroll-en eleberriko protagonisteagaz batera, jakina, Untxi Zuria, Erlojugile Eroa, Bihotzetako Erregina eta haren Karta Armada egongo dira; horreen ondoan, metro bi baino gehiagoko sei tximeleta argiztatuk desfilauko dabe trikimakoetan.

Ondoren, Pinotxoren Abenturen mundu magikoa etorriko da. Carlo Collodik asmautako personaiek –Pinotxo, Gepetto, Beppe Grillo eta Maitagarria– joko eta litxarrerien abenturan sartzen animauko gaitue.

Bitxo Do Samba batukada bilbotarrak perkusinoaren soinuak Berunezko soldadutxoaren historiagaz fusionauko ditu eta Hans Christian Andersen-ek idatzitako ipuinari erritmoa emotea lortuko dabe.

Ondoren, 11 metro luze eta 4,50 metroko altuerako itsasontzi ikusgarriaren txandea izango da. Peter Pan eta Gako kapitainak olatuei aurre egingo deutsee.

Ondoren, Aladin, Jasmine, Jeinua eta Jafar etorriko dira karroza batean, Antoine Galland frantsesak Mila gau eta bat gehiago istorio-bildumaz egindako moldaketea birsortuz.

Haren ostean, izotz-izar handi batzuk etorriko dira patinen gainean, Hans Christian Andersen-en Elurretako erregina ipuinaren harian.

Ondoren, segizinoak Erregeak Bilboraino gidatu dituan Ekialdeko Izar Handiari bide emongo deutso eta bidea erakusten jarraituko dau urian barrena.

Ekialdeko Izar Handiaren ondoren, azkenean, Erregeak helduko dira: Meltxor, Gaspar eta Baltasar.

Karrozen desfilea ixteko ardurea Gozokien Fabrikeak izango dau, aurrekoetan bezela. Glutenik bako 3 tona gozoki banatuko ditu bere turbina indartsuen bitartez.

Kontuak kontu, 17:30etik 20:30era bitartean, gitxi gorabehera, Erregeen Kabalgatea pasauko dan kaleak eta zeharka datozenak zarratuko dira apurka-apurka Karrozak pasau ahala, zirkulazinorako zabaltzen joango dira kale horreek. Karrozen ibilbidea hau izango da: Jesusen Bihotza-Plaza Biribila-Buenos Aires-Udaletxea. Zirkulazio-endredorik handienak 17:30etik 20:30era izango dira eta Bilbora hurreratuko diranei gomendatzen jake garraio publikoa (ahal dala, trena edo metroa) erabilteko.

Oinezkoen joan-etorrietan eta Bilbobusen eta Bizkaibusen linea gehienetan, ibilbideetan nahiz geralekuetan, aldaketak egingo dira.

Eskuragarri dagoz urtarrilaren 5eko goizean egingo dan Errege Magoen harrerako sarrerak

1.500 baimen eskuragarri izango dira abenduaren 3tik aurrera (10:00).

Bilbao Kulturaren webgunean eta erreserba bakotxeko edade txikikoentzako 3 sarrera hartu ahalko dira gehienez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu