Urte barria, helburu barriak

Bizkaie! 2024-01-04 09:26   Pil-pilean

EKA/ACUVegaz zure konsumo-ohiturak aldatu.

Urte barri baten hasierea beti da momentu egokia gure egunerokotasunean beste ohitura batzuk txertatzeko. Momentu oso aproposa, oro har, gure buruari buruz zer hobetu nahi dogun pentsau eta reset bat egiteko. Urte barriko asmoak asko eta oso ohikoak dira (gimnasioan edo gitarra-ikastaroakaz barriro hasi...) baina EKA/ACUV erakundeko ordezkarien eretxiz, estreinau barri dogun 2024 hau urte oso ona da zure eguneroko konsumo-ohiturak birplanteetako. Zelan? Jarraian idea batzuk emoten deutsueguz.


1. Murriztu – Berrerabili – Birziklau

Hiru berba horreek sakon barruratu. Zure errealidadeak eskaintzen deutsuzan aukeren barruan, aukeratu produktu iraunkorrak, berrerabili ontziak eta birziklau modu egokian. Eguneroko keinu txikiek eragin nabarmena izan leikie gaur egungo konsumo masiboaren gizartean.


2. Lagundu tokiko produktoreei

Ezagutu zure komunidadeak eskaintzen dituan altxorrak eta hurrekoak aukeratu. Ahal dozun neurrian, hautatu tokiko produktuak eta lagundu zure auzoko edo herriko merkatariei, holan, tokiko ekonomiari laguntzeaz gan, saltoki handietan egindako erosketen ondorio zuzena dan karbono-aztarna murriztuko dozu.


3. Kalidadea aukeratu

Erosketa oldarkorren tranpan ez zaitez sartu, denpora gehiago irauten daben kalidadeko produktuetan inbertidu. Ikuspegi hori jasangarriagoa izateaz gan, epe luzera aurrezten be lagunduko deutsu. Planeteak zein zure boltsikoak eskertuko deutsue.


4. Konsumidu pentsetan dozun bezela

Edozein erosketa egin aurretik, hausnartu produktu horren benetako beharraz. Sarritan erabiliko dot? Erosketa oldarkorra da? Erabagiak hartu aurretik holako galderak egiteak benetan beharrezkoak ez diran erosketak murrizten lagunduko deutsu.


5. Parte hartu tokiko ekimenetan

Aztertu jasangarritasun-ekimenak zure komunidadean. Alkartrukerako talde bat, komunidadeko konpostaje-proiektu bat edo hezkuntza-ekitaldi bat; jarduera horreetan parte hartzeak aberastu egin leike bizimodu jasangarriago eta kontzienteago bategaz dozun konpromisoa.


6. Elikagaiak alperrik galtzea minimizau

Zure erosketak ondo planifikau eta etxean dituzun elikagaiak ahalik eta gehien aprobetxau. Elikagaien alperrik galtzea murriztea oso modu eraginkorra da gure etxetik bertatik ingurumen-iraunkortasunari laguntzeko.


Horreek dira EKA/ACUV erakundearen urte barriko asmoak, zure errealidadearen barruan, zure konsumora bideratu eta har daizuzan. Holan, zeure bizitza hobetzeaz gan, mundu jasangarriago eta bidezkoago bat eregiten lagunduko dozu. 2024an, zure erabakiakaz mundua aldatu!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu