Usansolo da Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria

Bizkaie! 2023-12-29 07:56   Pil-pilean

Pozik egoteko eguna da. Zorionak Usansolo eta zorionak Bizkaia.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia pozarren agertu da Usansolo, Toki Erakundeen Erregistroan inskripzinoa eginez, lurraldeko 113. udalerria dalako: Hasiera-hasieratik zabalkundea egin genduan herritarrek Usansolo beste udalerri bat izateko egindako eskaeraz eta, aldi berean, geure foru-arauak emoten deuskun eskumena erabili dogu. Pozik egoteko eguna da. Zorionak Usansolo eta zorionak Bizkaia.

Ahaldun nagusiaren eretxiz, prozesu hori behar bezela egin da, ondo, Usansolo Bizkaiko beste udalerri bat izateko; prozesu luzea izan da baina Aldundiak defendidu egin dau foru-araudia, geure eskumena, eta horregaz bete ditu Batzar Nagusiak erakundearen mandatua eta herritarrek adierazotako borondatea, beharrezkoa izan dan lekuan eta berme danakaz.

Bizkaiko Foru Aldundiak behar ziran urrats guztiak egin ditu egun honetara heltzeko, kontuan harturik Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko 9/2012 Foru Arauan ezarritakoa eta konplimendu emonez Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak 2022ko zemendiaren 23ko erabagian jasotako mandatuari, «une oro geure jarrereari eutsiz», azpimarratu dau Etxanobek.

Arbitraje-batzordearen sorrerea eta izentapena

Errealidade hori mamitzeko asmoz eta hurrengo urratsak egiteari begira, Batzar Nagusiak erakundeak erabagiko dituan zehaztapenak bete behar dira, besteak beste, honako honeei jagokenez: ondasunak, eskubideak, akzinoak, erabilera publikoak eta aprobetxamenduak banatzea, baita betebeharrak, zorrak eta kargak be, tokiko zerbitzu publikoak emotea eta udal barriko langileak kudeatzea, Galdakaoko Udaletik enplegatuak transferidutea be.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen erabagiaren interpretazino egokia bermatzeko eta desanexinoa dala-eta etorkizunean sortu daitekezan auzigaiak ebazteko, erabagiak berak ezartzen dau arbitraje-batzordea sortzea. Hona batzorde horren konfigurazioa:

  • Batzordeburua: Udal-mugapeen arloan eskumena dauen saileko foru-diputadua izango da, edo harek eskuordetzen dauen personea. Kargu horrek foru-diputaduaren mailea izan beharko dau edo Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendari nagusiarena.
  • Batzordekideak: Batzordekide izango dira Usansoloko Udalaren hiru ordezkari eta Galdakaoko Udalaren hiru ordezkari, alkarlanean jardungo baitabe desanexino-prozesuaren alderdi garrantzitsuei heltzeko.
  • Idazkaria: Bizkaiko Foru Aldundian udal-mugapeen arloan eskumena dauen saileko funtzionario batek izango dau eginkizun hau. Idazkaritzeak zeregin erabagigarria izango dau prozeduren koherentzia eta eraginkortasuna bermatzeko.
  • Bizkaiko Foru Aldundia prozesu garden eta kolaboratibo bategaz konprometiduta dago, desanexinoa era ordenatuan eta komunidade bien mesedetan egingo dala ziurtatzeko. Jarraipen-batzorde hori sortuz, foru-erakundeak erakustera emoten dau etorkizunean sortzen dan edozein erronka eraginkortasunez konpontzeko dauen konpromisoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu