Euskal Herriko Gazte Orkestreak Gabonetako egitaraua aurkeztu dau

Bizkaie! 2023-12-26 13:41   Musikea

Abenduaren 30etik 2024ko urtarrilaren 4ra.

Gabonetako hitzorduetan Euskal Herriko Gazte Orkestreak pieza bi joko ditu: Rossini konpositore italiarraren Obertura La gazza ladra eta Brahms musikari alemanaren 4. Sinfonia.

La Gazza Ladra ekitaldi bitan banatuta dago, eta libretoa Giovanni Gherardini eta Louis-Charles Caigniez-ena da. Piezea, irudimen kolektiboaren parte da, izan be, mundu zinematografikoan oinarrizkoak izan diran filmen soinu-banda lez balio izan dau, esaterako, La naranja mecánica, Éras una vez en América edo El honor de los Prizzi lanetan.

Kontzertu horretako bigarren obrea eta nagusia Johannes Brahms maisu alemaniarrak (1833-1897) konposau eban azken sinfonia da, 4. Sinfonia. Mozarten eragin handia izan eban Brahms-ek eta XIX. mendearen bigarren erdiko musika-eszenarik emonkorrenaren erdian kokatzen da.

Aurreko sinfoniak publikoak ez zituen guztiz ondo hartu, beraz, Brahms-ek errezeloak izan zituan estreinaldia baino lehenago, baina, zorionez, lan horrek ez eban aurrekoen suberterik izan, 4. sinfoniak harrera bikaina izanez.

Unai Urrecho (1977)

Tronboi-jotzaile eta zuzendari arrasatearra izango da hitzorduko zuzendari gonbidatua. Urrecho Hizkuntza Politika Departamentuak bultzatutako proiektu kultural horren lehenengo promozinoko kidea izan zan.

Horrezaz gan, EGOko lehenengo urteetan parte hartu eban eta ondo gogoratzen dau Unai Urrechok ha momentua: Oso ondo gogoratzen dot 1997ko udea, gasteizen, zenbat gazte alkartu ginan eta zelako ilusinoa genduan, geuretzako aukerea oso ona izan baitzan alkar ezagutzeko eta lagun barriak egiteko. Maixu parebakoa izan genduzan eta garai haretan Juanjo Menaren zuzendaritzapean musikea sortzea oso berezia zan. Gustauko jaten gazte guztiak nik izandako esperientzia izatea, neuretzako oso lagungarria izan baitzan eta espero dot eurentzat be bardin izatea, adierazo dau.

Musikene izango da, betiko lez, EGOren entsegu-gunea, abenduaren 26tik 29ra.

Lehen kontzertua Tolosako Leidor Antzokian izango da, abenduaren 30ean, 20:00etan. Horren ostean, euskal orkestreak urteari ondoetorria emongo deutso hiru kontzertugaz: Hilaren 2an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 3an Gasteizko Principal Antzokian eta 4an Bilboko Euskalduna Jauregian, hirurak arratsaldeko 19:30ean.

Sarrerak erosi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu