Turukutupa taldearen kontzertua Artium Museoan

Bizkaie! 2023-12-22 10:02   Kulturea

Amarauna Familia programearen barruan dator.

Artista eta musikari taldeak Reziklantes muntaia eskainiko dau, 12 urte arteko neska-mutilentzako kontzertu dibertigarria (17:00), hondakin materialakaz egindako instrumentuakaz familientzako hileroko jarduerakaz datorren Artim Museoaren programa barria da. Amarauna Gabonetako oporretan lantegi edegien programea eskainiko dau museoak, Esther Ferrerren Números primos protagonista hartuta.

2006an sortu zan Turukutupa Gasteizen, Sergio López de Landache eta Víctor García de la Torre musikarien eskutik, hondakinen kudeaketa sortzaileagaz lotutako proposamen eszeniko bat eta soinu- birziklapen artistikoko proiektu pedagogiko bat garatzeko.

Turukutupak eszenografietan eta soinu-tresnetan erabilten dauen material guztia birziklatuz eta hondakin-materialak berrerabiliz sortu zan eta ikuspegi barri bat sustatzen dau ingurumenagaz, hezkuntzeagaz eta sormenagaz lotutako hainbat alderditan. Reziklantes familientzako Amarauna programa barriaren parte da, 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat pensauta, heldu bat lagun dabela. Programako jarduerak doban dira eta ez da beharrezkoa aurretik izena emotea.

Horrezaz gan, museoak Zenbaki lehenak eta askoz gehiago lantegi edegiak atondu ditu egun horreetarako Hezkuntza Sailaren eskutik. Esther Ferrerren Números primos obrea orain gitxi instalau da Artium Museoaren barruko plazan, Plazaratu proiektuaren barruan. Artelan hau inspirazino iturri izango da Gabonetako lantegi berezietan, izan be, haren eta zenbaki lehenen kontzeptuaren inguruan hainbat olgeta planteauko dira, era guztietako ikusleentzat, baina batez be gazteenentzat.

Era berean, bisitariak plazan topetan dituen beste eskultura batzuen inguruan, besteak beste, Néstor Basterretxea, Alberto Peral eta José Ramón Aisenak, era askotako olgetak asmauko dira.

Lantegi edegi horreek abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egingo dira, urtarrilaren 1ean izan ezik. Ordutegia 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era izango da, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, goizez bakarrik egingo baitira.

Gainera, Artium Museoak Gabonetako opor honeetan hiru erakusketa bisitetako aukerea eskaintzen dau: Bilduma Hau Bilduma, joan dan mendeko 50eko hamarkadatik gaur egunera arteko Euskal Herriko artearen eta artisten ibilbidea; Carolina Caycedoren Adiskideen lurraldea, artista kolonbiarrak ingurumen-justiziaren aldeko burruken hainbat alderdi aztertzenditu, bai eta ura gizateriaren zerbitzurako baliabide lez definidutearen barrikuspen kritikoa be; eta Soneto de alimañas, Naomi Rincon Gallardoren filma, feminismoak, kuir teoriak eta zientzia fikzinoa buztartzen dituena.

Aldi berean, edade guztietako bisitariek Carolina Caycedoren erakusketeari buruzko miaketa-koaderno barriaz gozau ahal izango dabe: 10 asmakizun proponiduten ditu, erakusketea modu bizigarri eta dibertigarrian ezagutzeko eta artistearen lana biziteko.

Amarauna. Familientzako programea (Abenduaren 23an, zapatuan, 17:00etan) Reziklantes kontzertua Turukutupa musikari eta artista plastikoen taldeagaz. Ele bitan 5-12 urte bitarteko neska-mutilentzat, heldu bat lagun dabela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu