BBVA-k eta Eusko Jaurlaritzeak akordioa sinatu dabe

Bizkaie! 2023-12-21 07:46   Kulturea

Asmoa da BBVAren enpresa, familia eta erakunde-funts dokumentalen gordailu izatea, jagotea eta zabaltzea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Marta Alonso BBVAren lurralde-zuzendariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dabe BBVAren Artxibo Historikoaren enpresa, familia eta erakunde mailako dokumentu-funtsak ezagutzea eta zabaltzea sustatzeko.

Hitzarmenaren helburua da funts horreek sustatzea eta jentearen eskura jartea, Euskadiren historia hobeto ezagutzeko, herrialdearen garapen ekonomiko eta industrialetik abiatuta. BBVAk Euskadiko Artxibo Historikoari laga deutsoz funtsak, XVII. mendetik XX. mendera bitarteko dokumentazinoa daben 1200 bat kutxatan, epe luzerako gordailuan. Euskadiko Artxibo Historikoak, batetik, BBVAk hasitako katalogazinoagaz eta digitalizazinoagz jarraituko dau eta historialarien, ikertzaileen eta euskal gizarte osoaren eskura jarriko ditu, ezagutu eta aztertu deiezan. Funtsen artean, Chavarri, Gandarias, Lezama-Leguizamon, Sota, Ansótegi edo MacLennan enpresen agiriak dagoz.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eskerrak emon deutsoz BBVA-ri Euskadiko historiaren zati handi bat jagoteagaitik eta Euskadiko Artxibo Historikoan funtsak gordeteko jarritako konfidantzeagaitik: Lagapen honek balio historiko handia dauka, gure herriaren historian industria eta garapen ekonomikoa garapen sozialaren eskutik etorri baitira. Funts honeek gure historia hobeto ezagutzeko balioko deuskue, esan dau Zupiria sailburuak.

Bestalde, Marta Alonso BBVAren Lurralde zuzendariak Bilbok eta Euskadik BBVA-rentzat daben garrantzia azpimarratu dau, uri honek urteetan zehar lortu dauen garapen garrantzitsua islatzen baitau, teknologia edo kulturea lako esparruetan erreferentea dan uria. Gaur beste urrats bat emon dogu Euskal Herriko jarrera kulturalean, Eusko Jaurlaritzeagaz sinatutako hitzarmen honi esker, Bizkaian egoitzea dauen BBVA Artxibo Historikoa, Estaduko lehen banku-artxibo historiko pribatua eta BBVA Bildumea, euskal artearen onenetakoa, proiektu kultural bakar batean bateratuz, gaineratu dau.

Akordioaren arabera, BBVA-k Euskadiko Artxibo Historikoan gordailatuko ditu 4 urtez Enpresa, Familia eta Erakunde Funtsak eta, aldi berean, BBVA-k hiru erakusketa atonduko ditu Euskadiko Artxibo Historikoan Bizkaiko Historia Ekonomikoari buruz, 1857tik gaur egunera arte. Erakusketa horreek BBVA Artxibo Historikoaren eta BBVA Bildumako piezez osotuta egongo dira eta lehen erakusketea hitzarmen hau sinatzeagaz batera inaugurauko da.

Bizkaiko historia ekonomikoaren ikuspegi bat (1857-1905) 

Lehen erakusketa hau sei ataletan atonduta dago, bakotxa dokumentu, argazki, objektu eta artelanen bidez ilustrauta. Material horregaz ibilbide kronologikoa proponiduten da, Banco de Bilbaoren sorreratik hasi eta gerora Banco del Comercio sortu zanetik Banco de Vizcayaren sorrerara artekoa, horreek guztiak funtsezkoak baitira Euskadiko jarduera ekonomikoaren esentzia ulertzeko. Erakusketeak Manuel Losada, José Echenagusia edo José Arrúe Valleren lanak batzen ditu, baita maketak, Banco de Bilbaoren fundazinoko eskriturea, baita zirkulazinoan sekula jarri ez ziran Castellóko 100 errealeko billete-sorta bat, idazmakinak edo balio historiko handiko dokumentuak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu