Nerea Ibarzabal: 'Finalista danok dogu zeozelako erreferentzialtasuna'

Koldo Isusi Zuazo 2023-12-26 07:55   Barriketan

Nerea Ibarzabal markinarrak txapela irabazi eban 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan eta aurten be irabazi egin dau, kasu bietan Jone Uriagaz buruz burukoan parte hartuz. Milazak lagunen aurrean

Igaz Txapelketa Nagusiko finalean be kantau eban eta liburgintzeari jagokonez, igaz kaleratu eban lehenengo nobelea Bar Gloria. 

Bertso Eskolan ordu batzuk egin ditu kantetan, doinu, errima eta berbakaz olgetan baina benetako eskolea plazan dago eta finalean, buruz burukoan.


1.-Zorionak Nerea, bigarrenez txapela irabazi dozu eta arerio gogorren aurrean ez da bape erraza. Ze gogoeta egin dozu?

Eskerrik asko. Lan asko egin behar izaten dogu, lagunartean, plazarik plaza kantetan ibili eta eta pozarren nago holan subertau dalako. 

2.- Jone Uria eta zeu izan zarie buruz buru orain urte biko txapelketan eta 2023koan be bai. Bizkaia mailan, erreferente sentiduten zara?

Lar esatea izan daiteke ze finalista danok dogu erreferentzialtasun hori, beteranoak zein gazteak danok dogu aukerea irabazteko eta hori oso polita da, Bizkaian bertsozaletasuna eta geu bertsolariok zeozelako mailea eta indarra dogu eta kapaz gara edozein lekutan kantetako. 

3.- Azkenean txapela zeuretzat zala entzun eta berehala ez zenduala sinisten keinuak egiten ibili zinan. Benetan ezustea izan da txapela zeuk jaztea?

Txapela jaztea baino buruz burukoan kantetako izentau ninduenean, ezustean hartu neban hori eta, akaso, keinu horreek horregaitik egingo nituan. Sustoa pasauta beharrean hastea toketan da baina aukera bi baino ez dagoz eta prest nengoan Joneren izena ala neurea entzuteko. 

4.- Begoña Iturriza Zabalak jantzi eutsun txapela, ezustea Begoñarentzat proponidu eutsienean baina ez dakianarentzat nor da Iturriza Zabala?

Aurton Bizkaiko Bertsozale Alkarteak 40 urte bete ditu eta data gogoangarri horretan, hasierako bertsolaritza mobimentuko eragile nagusienetakoa da, emakume fina, Bilbon eta Bizkaian oholtza eta plazetan atontzen zein koordinetan ibili dan emakumea. 

Geuretzat ederra izan da txapeldunari txapela jazteko ardurea izatea eta txapelketearen amaieran bertso batzuk kantetako aukerea izatea momentu hunkigarria izan zan.

Gogoan izan, alkartearen 40. urteurrenaren barruan, sorrerako kideen beharrari autortzea egin deutseela, 40 urteko ibilbideari hasierea emon eutsenei eskerrak emon eta beren beharra ikusarazoteko.

5. Finaleko zortzikotean 5 emakume eta 3 gizon. Beti atxakien bila, emakumea ala gizona izan, danak artista...

Hau mundua ondo ezagutzen dogu, ze jarrera, ze arrakala dagoan baina badakigu ondo nondik gatozen eta nora goazen. Generoari erreparauta kontzientziau egin gara, eskoletan lan handia egin da, emakumeak ahaldundu egin dira eta guk erreferente batzuk izan doguzan moduan, geure atzetik datozenek be geu hartuko gaitue eredu [Barreka]. 

6.- Puntuazino tauleari erreparauta Jone Uria aurretik ibili jatzun 8ko handian eta txikian, Hamarreko txikian eta Zortziklo txikian. Zelan baloretan dozuz datuok?

Gorabeherok normaltzat hartzen dira; Jone Uria aurretik pasau zan buruz burukora baina bakarkakoan nire lanari puntu gehiago emon eutsiezan, alde txikia izan zan baina puntuen tauleari errepasoa eginda konturatzen gara gorabeherak txikiak zirala danon artean be eta, beraz,   

7.- Potoak gorabehera, pozik sentidu zinan finalean?

Potorik ez, hankaluze bat egin neban eta plazan holakoek indarrik izaten ez daben arren, txapelketan eta finalean zigortzen dira zorrotz eta zorionez zulo hori ahaztuteko kantetan segiduten dozu ahalik eta ondoen.

8.- Xabat Galletebeitia Abaroa maite dozun bertsolaria da. Zergaitik?

Umetatik ezagutzen gara, Markinako Bertso Eskolan entzun izan dodaz haren bertsoak eta aurrerago plazarik plaza be ibili gara, bizipen asko konpartiduten doguz; maila personal eta artistikoan asko miresten dodaz bai Xabat eta bai Bertso Eskolako beste guztiak be.

Gauza ona da Bertso Eskolea ze ohiko lanakaz batera, oso ona izaten da nerbioak askatzeko eta bakarka kantau behar badogu be, ona dalako taldearen, kolektiboaren indarraz jaubetzea. 

Ganerakoan, aurtengo txapelketarako Xabat eta biok alkarregaz entrenau dogu eta Lea Artibai eta Busturialdeko bertsolariak be ibili gara, lagunak izateak holako abantailak be baditu.  

9.- Bizkaiko Txapelketearen zurrunbiloa eten ez jatzunean, abenduaren 23an Bertso Jaialdi inportantea izan zenduen Galdakaon. Sei bertsolari oholtza gainean: Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile lanetan Arkaitz Estiballes galdakoztarra. Zelan?

Ondo. Gabonetako jaien bueltako hitzorduan izaten da eta giro ona izan dogu aurten be. Talde polita gara, finalean egon garen batzuk be batu gara, aspaldian ikusi batzuk be bai eta beti izaten da plazerrra Galdakaoko hitzordu hori.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu