Gabonetan Bilbon, antzezlan bi eta 'Teatralidad eta Musicalidad' tailerra
2023-12-20 11:10 KultureaUrtea musika eta antzerkiagaz amaituko da Pabiblioi 6 Aretoan.
Pía Tedescok eta Lila Horovitzek Dos mujeres, Contrabajo ikuskizuna ekarriko deuskue abenduaren 22an eta 23an; eta abenduaren 28tik urtarrilaren 13ra, Iniesta/Galván familia itzuliko da El Viaje a ninguna parte antzezlanagaz, Arriaga Antzokiak Madrilgo Fernán Gómez Antzokiagaz alkarlanean produzidutakoa.
Gabonetako egitaraua Dos mujeres, Contrabajo ikuskizunagaz hasiko da: Lila Horovitz (kontrabaxua eta ahotsa) eta Pía Tedesco (ahotsa, gitarra tenorra eta ukelelea). Bach, Las Ketchup, Beatles eta bestelakoak tarteko dirala, ikuskizun dibertigarria eskainiko deuskue talentudun artista handi bi horreek. Pía Tedescok eta Lila Horovitzek abesti barriak klasiko bihurtzen ditue eta kantu klasikoak, barri. Umore zitala, popa, swinga, soula eta sormen handia dira betiko klasikoak freskotasunez aurkezten dituan lan honek osogai nagusi.
Ikuskizunaz gan, artista biek Teatralidad eta Musicalidad tailerra eskainiko dabe eta bertan musikaz, eszenaz eta emozinoz osotutako trilogia landuko dabe. Tailerra zabalik dago musikearen elementuak eta baliabideak antzerki-lanean eta alderantziz konektetako lanean sakondu nahi daben guztientzat.
Ondoren, El Viaje a ninguna parte antzezlanak jasoko dau erreleboa. Antzezlanean, konpainia ibiltari batean komiko lana egiten dabenen ogibidea ezagutuko dogu. Benetan bokazionala dan ogibidea, mendez mende iraun eta birsortzen dan ofizioari egindako omenaldia. Hil eta berpiztu egiten da. Zinemea, soinudun zinemea, irratia, telebista, internet bitarteko dituala. Antzerkigintzaren etenik bako metafora bilakatu da, emonaldi bakar eta errepetiduezin bakotxean, han eta hemen, birsortzen dan antzerkiarena.
Ramón Barea, Patxo Telleria, Mikel Losada, Itziar Lazkano, Olatz Ganboa, Irene Bau, Diego Pérez eta Adrian García de los Ojos dira Fernando Fernán Gómezen eleberri arrakastatsuaren eta ondorengo filman oinarritutako antzezlaneko protagonistak. Ignacio del Moralek egokitutakoa da antzezlana. Eta Ramón Barea da bersino honen zuzendaria.
Eszenografia Jose Ibarrolak diseinautako da, jantziak Betitxe Saituak, argiztapena David Alkortak, musikea Adrian Garcia de los Ojosek eta atrezzoa Maria Casanuevak.
Antzezlan bietarko sarrerak eta tailerraren informazinoa eta erreserbak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!