2023/12/12 .
Urretxu-Zumarragan. | AzokakSanta Lutzi Eguna
Abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, egiten dabe Gipuzkoako azokarik ospetsuenetakoa Zumarragan eta Urretxun. Halan da be, udalerri biotan askotariko jarduerak (lehiaketak eta erakusketak, esaterako) izaten ditue bezperan.
Hilaren 12an, arratsaldean, Arabako Errioxako Ardaoaren Azokeari emoten jako hasierea Urretxuko Iparragirre plazan. Dozena bat upategi baino gehiagok urteko uztatik ataratako ardaoa eroango dabe Urretxura. Horreetako askok, gainera, Arabako Errioxako Ardaoaren Lehiaketan parte hartuko dabe eta izen handiko enologoek osotuko dabe epaimahaia. Azokeak biharamunean jarraituko dau. Santa Luzia egunean goizean goiz jarten ditue postuak abeltzain, nekazari eta bestelako saltzaileek udalerri biotan.
Azokeari goizeko 8:00etan emoten jako hasierea. Zumarragako Urdaneta kalean zaldi aziendearen nahiz bestelako abereen feria izaten da eta nekazaritzako makinen saltzaileak herri bereko La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan egoten dira. Azoka bereziei jagokenez, Zumarragako Euskadi Enparantzan errege-sagar, fruta eta barazkiez gan, eskulanak eta euskal jakiak egoten dira salgai, besteak beste, eztia, ogia, gaztaia eta taloa.
Urretxuko Gernikako Arbola plazan frutak, barazkiak eta jakiak jarten ditue. Leku berean egiten da, gainera, Gipuzkoako Eztizaleen Elkarteak atondutako Ezti Lehiaketea. Bestalde, Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazak Oilasko eta kapoi lehiaketeak hartuko ditu. Urretxuko Iparragirre kalean eta Abenida Berrian zein Zumarragako Trintxeran eta Euskadi Plazan artisauek euren lanak erakusten ditue. Ikusteko eta erosteko egoten diran gauza guztiez gan, herriko kaleetan musika talde ugari ibilten da giroa alaitzen: Urretxu eta Zumarragako txistulari, musika banda eta trikitilariak.
Hori gitxi balitz, Urretxuko Ederrena frontoiak herri-kirolen erakustaldiak (aizkolariak, harri-jasotzaileak) eta profesionalen arteko pelota partidak hartuko ditu. Amaitzeko, Zumarragako Euskadi plazan idi-proben erakustaldia egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!