Jon Artanok bere azken lana 'Juana' aurkeztuko dau Urduñan
2023-12-11 08:46 KultureaAbenduaren 11n, astelehenean, 18:30ean, Mahor liburudendan.
Abenduaren 10ean Landako Guneko ateak zarratu arren, Durangoko Azokearen fantasiak aurrerantz jarraituko dau, izan be, Zu Non, Han DA! egitasmoari bidea emongo deutso biharamunean bertan hasita. Ekimen honek bere laugarren edizinoa beteko dau aurten. 2020an sortu zan, Durangoko Azokeak euskal kulturgintzan sorrarazoten dauen dinamikearen indarra aprobetxau eta euskal literaturearen urteko produkzinoa Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.
Euskal Herri osoko 88 liburu dendek hartuko dabe parte egitasmoan eta azokan egon diran nobedadeak ezagutzeko aukerea emongo dabe. Gainera, 27 dendatan liburu aurkezpenak egingo dira, abenduaren 11n hasi eta 20an amaituko dan aurkezpen-zirkuitoaren barruan.
Idazleek bestelako sortzaileek lagunduta egingo ditue aurkezpen gehienak, hitzorduari kutsu kulturala emoteko.
Jon Artano Urduñan
Joan Artano kazetari zestoarrak Tene Mujika Bekea irabazi eban igaz eta urtebeteko lanaren emoitzea da Juana liburua. Juana nork eta zergaitik hil eban ulertzeko, krimena jazo zan lekura bidaiatu, lekukoakaz berba egin eta ikerketako agiriak arakatu ditu Jon Artanok.
Behatxuloa dago orriotan Amerikako gatazka armatu zaharrenari begiratzeko, horko logika makabroa ulertu eta biktima bakotxak inguruan sortzen dauen samina sentiduteko.
Literaturearen saskitik hartutako aparailuez txirikordatu dau egileak Juanaren eta haren familiaren historia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!