40 lan barri ekarri ditu UPV/EHUk Durangoko Azokara

Bizkaie! 2023-12-06 13:21   Kulturea

Abenduaren 8an, 19:00etan, Jon Martin Etxebesteren Xabier Lete. Bertsorik sakonena liburuaren aurkezpena egingo da.

Erretratua: Ibai Biritxinaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Aitatu liburuan oinarritutako alkarrizketea izango da aurkezpena eta hor idazleak Jon Kortazar literaturan adituaren galderak erantzungo baititu. Oiartzungo poeteak musikautako lanak bertsolaritzan izan dauen eragina eta bertsolaritzeak haren poesian izan ebana gainbegiratuko ditue UPV/EHUko ikertzaile biek.

Abenduaren 9an, 17:00etan izango da UPV/EHU Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako Egungo euskal albuma Xabier Etxanizen eta Karla Fernandez de Gamboa editoreen lanaren aurkezpena. Hitzez eta ilustrazinoz osotutako objektu hibrido, aldakor eta malgua da albuma; eta ha osotasunean ulertzeko, kode bien irakurketea egin behar da. Liburu honen helburuetako bat da irakurlea albumen mundura hurreratzea; liburu ilustratutik albumera dagoan bilakabidea ikustea, albumen lanketan dagozan faktoreen barri emotea eta ume txikien artean ez eze helduen artean be gero eta zabalago dabilen literatura mueta honen ezaugarriak ezagutzera emotea.

Abenduaren 10ean, 16:00etan egingo da, InpAkta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta aldizkariaren aurkezpena. Ebidentzian oinarritutako ikerketa-lanak jasoko dituan aldizkari zientifikoa da InpAkta eta gure herrian inpaktu soziala izan leikien diziplina guztietako gaiak batuko ditu. Aurkezpenean, inpaktu sozialaren kontzeptuaren lanketea eta aldizkariak egingo dauen ekarpena zehaztuko ditue.

Euskal Herriko Unibersitateko Argitalpen Zerbitzuak urteko lanak aurkeztuko ditu Durangon, izan be, 58. Durangoko Azokan be horixe da asmoa. Hain da plaza berezia, ezen hiruzpalau hilebete aurretik hasten baitira Durangoko hitzordura zelana jantzita joango diran pentsetan, zelako erakusmahaia jarriko daben irudikatzen, euskerazko uzta oparoa eroan ahal izateko azken ikutuak egiten. Euskal Herriko Unibersidadeko Euskara Zerbitzua izaten dabe bidelagun bidaia honetan, hango kideak arduratzen baitira bai zenbait argitalpen bultzatzeaz bai eta euskeraz argitaratutako lan guztien euskera-kalidadea jagoteaz be.

Zerbitzu bien urteroko helburua izaten da Durangoko agertokira euskerazko liburuz gainezka joatea eta aurten be aurreikuspen guztiak beteta datoz, euskerazko 40 lan barri aurkeztuko baititue azokan. Aurten azokara eroango dituen barritasunen heren bi (% 66) izango dira euskerazko lanak eta herena gaztelaniazkoak, hau da, kolkoa bete euskerazko liburugaz bertaratuko dira.

Durangon plazaratuko dituen lanetako hamar unibersidateko testuliburuak izango dira, horreetako hiru Udako Euskal Unibersidadeagaz (UEU) alkarlanean argitaratu dira: Adimen artifiziala: filosofia eta teknologiaren bilgune, Jon Mentxakatorre eta Aitzol Astigarraga; Agustin Arrietaren Bidez bide hausnarrean. Zenbait gogoeta eta omenaldi filosofiko; eta Onintza Etxebesteren Meta-nortasunak. Euskal arte garaikidearen ahalmenak. Zortzi monografia barri eroango ditue eta serie eta bildumetan argitaratutako hamahiru lan barri, azken horreen artean, aitatzekoa da Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social en el País Vasco bilduman Argitalpen Zerbitzuak Legebiltzarragaz dauen hitzarmen bati esker argitaratutako Escritos políticos (1920-1940). Julián Zugazagoitia Mendieta lana, sarrerako azterketea Luis Salak egin baitau.

Bestalde, euskerazko aldizkarien azken zenbakiak be eroango ditu unibersidade publikoak Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 44. zenbakia eta ale berezia; Gogoa (Filosofia) aldizkariko 23. zenbakia; eta Tantak (Hezkuntza) aldizkariko 34-2 zenbakia. Horrezaz gan, InpAkta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta aldizkari barriaren zero zenbakia be Durangon aurkeztuko da.

Argitalpen gitxi batzuk aitatu arren, Durangoko plazan topau ahal izango dituzue Teresa del Valle, bidegile eta gidari (Pio Perez, arg.), Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu (Lluis Montoliu; ZIO bilduma - Zientzia Irakurle Ororentzat), Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema (Aiora Sampedro), Limes 29. Quaderni del carcereren antologia II (Limes bilduma), Auzo bizigarriak: etxebizitzatik hirira (Ezekiel Collantes, Iñaki Begiristain, Ainara Sagarna eta Aritz Diez) eta beste hamaika lan.

Euskal Herriko Unibersidadeko aurtengo uzteari be udagoien-usaina dario. Konpota eta intxaur-saltsea bezela, su txikian egindako liburuakaz dator UPV/EHU; tanbolinean erretako gaztainak bezela, jira eta buelta ondu dituen argitalpenakaz, barru-barrutik ataratako bertsoakaz, sutondoko txinpartei begira gustura irakurten diran artikuluakaz eta begiak zabal-zabalik dirala begiratzeko albumakaz. Aurreikuspen guztiak beteta, harro esan daiteke: Hiru, hiru, hiru, kolkoa bete liburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu