Euskerazko manga liburuak erosteko aukerea egongo da Durangoko Azokan
2023-12-05 11:24 KultureaAsmoa da euskerazko irakurketea sustatzea gazteen artean.
Harriet argitaletxeak, Kabe zigiluaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailagaz lankidetzan, euskerazko irakurketea sustatu nahi dau gazteen artean. Horretarako, Durangoko Azokearen 58. edizinoan Manga Euskeraz kanpainea jarriko dabe martxan.
Eusko Jaurlaritzako gobernu programan azaltzen diran egitekoen artean, aitatzekoa da, euskerea gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea. Bai lan eremuan, bai ingurune digitalean, familia-transmisioan zein aisialdian. Eta hori betetzeko euskerearen erabilerea sustatzeko programak indartzeko konpromisoa hartua dau Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.
Horregaz bat egiten dau Harriet argitaletxeak momentu honetan dauen erronkeak: Kalidadeko argitalpen-funts bat sortzea, hainbat publiko-segmenturi zuzendua: Umeentzako komikien aurrean zaletasuna sortzeko, abentura eta genero-komikiak zaletu klasikoenentzat edo komiki modernoagoak bestelako sensibilidadeak asetzeko.
Harriet Argitaletxea, Kabe zigiluagaz, Manga euskeraz argitaratzen hasi zan urtean, estaduan 1380 manga titulu argitaratu ziran gaztelaniaz, 58 katalanez eta 2 euskeraz. 2021eko zemendian, estaduan gehien saldutako 100 liburuetatik 20 mangak izan ziran, todostuslibros.com zerrendearen arabera.
Manga Euskeraz egitasmoari jagokonez, euskerara itzulitako tituluak aukeratzeko erispideak, historiaren nahiz proposamen grafikoaren kalidadeaz gan, genero aniztasuna, sail bakotxeko liburu kopurua eta, lehentasunez, gaztelaniara itzulita ez egozanak izan dira.
Urtebetean lau serie plazaratu eta guztira hamaika liburu argitaratu dira oraingoz; datorren urtera begirako aurreikuspena da hasitako serieakaz jarraitzea eta serie gehiago gehitzea, baita Europan argitaratu bako baten bat be.
Kanpaineari jagokonez, abenduaren 7an (ikasleen goiza) eta 8an, interesa daben 10 urtetik gorako gazteek marrazki edo bineta bat egin beharko dabe Manga estiloan eta euskerazko testuagaz. Azokan egongo diran Cosplayerrak, manga personai ezagunez mozorrotutako personak, topau beharko ditue. Haree arduratuko dira marrazkiaren ordez opari-bonu zenbakitua emoteaz. Harriet argitaletxeko postuan, opari-bonua aurkeztuta, Kabe-ren euskerazko Manga bat eskuratu ahal izango dabe.
Guztira 500 opari-bonu banatuko dira, kanpainearen egun bakotxean 250.
Abenduaren 8an, 14:30ean, Durangoko Azokako Areto Nagusian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Harriet – Kabe-ko ordezkariek euskerazko manga liburuen aurkezpena egingo dabe, euskal gazte mangazaleek egindako marrazkiez inguratuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!