Gerra Zibilean Enkarterri bonbardeau ebeneko gorabeherak batzen dituan liburua plazaratu dabe

Bizkaie! 2023-12-05 10:28   Kulturea

Berbaldia eta ibilbide gisatua be iragarri ditue.

Jardunaldia Abellanedan hasiko da, Viento fuerte del Norte liburuaren aurkezpenagaz eta, amaitzeko, Traslaviñako (Artzentales) geltokia bisitauko da, Italiako abiazino faxisteak bonbardeautako lekuetako bat.

Enkarterri Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, Gerra Zibilean eskualdean jazotakoagaz lotutako beste jarduera bat egingo dabe domekan, abenduaren 17an. Abellanedako Museoan Javier de la Colina Aranceta, Javier de la Colina Menéndez eta Fernando Obregón Goyarrolak idatzitako Viento fuerte del Norte liburuaren aurkezpen ekitaldia egingo da. Aitor Miñambres Amezaga Berangoko Burdinazko Hesiaren Museoko zuzendariak liburuaren aurkezpena egin eta Bonbardaketa italiarrak Enkarterrin berbaldia emon ostean, ibilbide gidatua egingo da abiazino faxisteak erasotutako leku batzuetatik.

Jardunaldia, Enkarterri Museoak eta Batzar Nagusiak erakundeak Erroman (Italia) dagoan Italiako Aviazione Militare Artxibotik 2017an ekarri eben dokumentazinoa aztertu ostean atondu da. Bertan, Mussoliniren hegazkinek Enkarterriko, Kantabriako eta Burgosko Merindadeetako hainbat lekutan egindako bonbardaketei buruzko datu eta argazki ugari dagoz. Etorkizunari begira, Abellanedako kultur zentroak eskualdeak jasan zituan eta momentu honetan ezagutzen ez diran gerrako beste jazoera batzuei buruz argia emongo dauen dokumentazino gehiago topetako itxaropena dago.

Jardunaldia, beraz, hiru ekitaldik osotuko dabe:

10:00. Javier de la Colina Aranzeta, Javier de la Colina Menéndez eta Fernando Obregón Goyarrolak egindako Viento fuerte del Norte liburuaren aurkezpena, Aitor Miñambres Amezaga Burdin Hesiaren Museoko (Berango) zuzendariaren eskutik.

10:10. Javier de la Colinak emongo dauen Bonbardaketa italiarrak Enkarterrin berbaldia.

11:00-14:30. Ibilbide gidatua oinez, Enkarterri Museotik Gerra Zibilean bonbardeautako Traslaviñako (Artzentales) geltokiraino.

Izena emon hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu