Mikel Azpirozek disko barria aurkeztuko dau

Bizkaie! 2023-12-01 09:46   Musikea

Abenduaren 20an izango da Bidebarrieta Kulturgunean.

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak Mikel Azpirozen Pake Pieza disko barriaren aurkezpen bizkaitarra hartuko dau abenduaren 20an, eguaztenean.

Kontzertua 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian. Sarrerak, salgai dagoz Bilbao Kulturaren webgunean 5 euroan.

Mikel Azpirozek, bere aurreko diskoen (Gaua, Zuri eta Islak) arrastoari jarraituz, entzulea egoera introspektibo eta gogoetatsuan jarten daben bederatzi abestiko bildumea argitaratu dau. Azpirozen musikea, Ricardo Aldarondo musika kritikariak deskribidu dauen bezela, urtaro askotatik igaroten da, konpartimendu estankoak egin barik, ñabarduretan aberatsa eta melodietan dotorea dan estilo bat sintetizetan dauen hizkuntza bat sortuz, inoiz dobakoak ez diran notakaz: Inpresionismoa, beste lurraldeetako usain exotikoak, baita euskaldunak be, bluesa eta deriba abangoardista arinak.

Mikel Azpiroz sei urte zituala hasi zan pianoa joten eta konserbatorioko musika klasikoko ikasketak jazzaren eta bluesaren interesera bideratu eban laster. Musikari, konpositore eta produktore lez bere ibilbide musikala egiten dau, bai bere proiektuetan (Elkano Browning Cream), bai kolaborazinoetan be (The Waifs, Duncan Dhu, Travellin Brothers, Jabier Muguruza edo Elena Setien).

Azpirozegaz batera Karlos Arancegui baterian eta Fernando Neira kontrabaxuan ibiliko dira.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako gunea da. Helburuen artean kulturea, literaturea eta zientzia garatu eta sustatzea dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu