Durangoko Andra Mariko eleizpea zabalik

Bizkaie! 2023-12-01 07:57   Kulturea

11 hilabeteko lanen ondoren, gune honetaz barriro gozau daiteke.

Zaharbarritze fin eta konprometidua egin ondoren dagoeneko zabalik dago Durangoko eleizpea, balio historiko eta arkitektoniko handiko gunea. Esku-hartze horretan, bertan dagozan elementu guztien azterketa sakona egin da. Holan, kaltetutako zatiak konpontzeaz eta ordezkatzeaz gan, mihiztatze- ordezkapenak egin dira, kasu batzuetan agirikoak eta beste batzuetan hautemanezinak, egungo teknologiak altzairuzko eta erretxinazko elementuakaz barruko loturak egitea ahalbidetzen baitau.

Egungo teknologiei esker, arkupe osoa osotzen daben egiturazko elementu guztiak aztertu daitekez eta holan zehaztu ahal izan dira zituan patologiak.

Andra Mariko eleizpea 1681ean eregi eben eta Europan argi libre gehien dauen egurrezko eleizpea da.

Basilikeari atxikita, ekitaldi erlijiosoen zein alkartrukerako topagune bihurtu da, eleizaren bigarren mailako sarbideari berebiziko garrantzia emonez. Bere historian zehar izan dituan erabilera ugarien artean, merkatuak, ekitaldi erlijiosoak, euskal liburu eta disko azokea, kontzertuak, gizarte topaketak..., azken finean, plaza publiko bihurtu da.

Ibilbide historikoari jgokonez, eraikuntzeak (gerra eta horrek eragindako kalteak gogoan hartuta) konponketa ugari eragin ditu, batzuk beste batzuk baino egokiagoak, eta, mantentzeari ixteko aldiakaz eta ondorioz hezetasunakaz batera, egiturazko narriadura handia eragin dabe. Zaharberritze-lanen prozesua honako hau izan da:

  • Egiturea erabat eskoratzea, egiturazko zurak jasaten dituan kargak askatuz, jatorrizko funtzinoa beteten ez daben elementuak aztertu eta ordeztea erabagiteko aukerea emonez.
  • Mihiztadurak ordezkatzea, batzuk sotilki ikusteko modukoak, beste batzuk hautemanezinak, egungo teknologiak altzairuzko eta erretxinazko elementuakaz arruko loturak egitea ahalbidetzen baita.
  • Laser teknologiari esker egiaztatu ahal izan da prozesuak ez dauela egiturearen ezelako finkapenik ekarri, erabat finkatuta geratu baita.

Nabarmenena argiztapen-aldaketea izango da, izan be, aurreko industria-muetako argiak aldatu egin dira, zurezko bilbaduran hobeto integrautako zuzeneko eta zeharkako argien sistema baten bidez, hareen balioa goraipatzeko. Argiztapen barri horri esker, eszena ezbardinak programau daitekez, eguneroko erabilerearen, feriaren edo eleizpean egin daitekezan ekitaldien arabera. Leitekeana da datozen egunetan argiztapenaren doikuntza batzuk emotea, benetako erabilerara behar bezela egokitzeko.

Laster, egindako lanei buruzko erakusketa txiki bat edegiko da eta bertan, egindako lana zehatzago azalduko da. Erakusketa-espazioa eleizearen eta eleizpearen arteko izkina saretua izango da.

Birgaitze-proiektua Oier Bizkarra arkitekto durangarrak idatzi eban eta obrearen zuzendaritzea, barriz, Cristina Zarrabeitia arkitekto durangarrak egin dau. Eleizpea birgaitzeko lanak 620.824,20 euroko prezioan kontratau ziran baina hasieran kontratautako proiektuan jaso ez ziran patologia barriak antzemon ondoren, proiektua osotu behar izan zan eta horrek hasieran aurrekontuan sartutako obrearen kostua 193.563,99 euro handitzea ekarri eban. Lanak 11 hilabeteko iraupena izan du.

Obren kostuak, proiektuaren eta zuzendaritza teknikoaren ordainsariakaz batera, San Fausto jaietarako egin behar izan zan itxiera bereziaz gan, ia 900.000 euroko inbersinoa ekarri dau Durangorako hain garrantzitsua dan espazio handi horren estalkia birgaitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu