Julian Schnabelek SundanceTV Inspiration Award saria jaso dau
2023-11-29 10:14 KultureaJulian Schnabelek SundanceTV Inspiration Award saria jaso dau.
Entzute handiko artista plastiko eta zinema-zuzendariak, besteak beste, Antes que anochezca, La escafandra y la mariposa eta Van Gogh, a las puertas de la eternidad filmak zuzendu ditu.
Galaren ondorengo egunetan SundanceTV telebista-kanalean Antes que anochezca filma eta Julian Schnabel: Un retrato privado dokumentala emongo dira.
SundanceTV telebista-kanalak Julian Schnabeli emon deutso SundanceTV Inspiration Award saria Guggenheim Bilbao Museoan. Sari honek, kanalak Schnabelen ibilbide emonkorra autortzen dau. Artista plastiko bikaina eta film enblematikoen zuzendari be ibilitakoa da.
Julian Schnabelek berak jaso dau saria museoan egindako ekitaldi batean eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia eta Manuel Balsera, AMC Networks Internationaleko Zuzendari Nagusia izan dira bertan. Galearen aurkezlea María Guerra zinema-kazetaria izan da eta berak gidatu dau Julian Schnabelegaz izandako barriketaldia, artistearen ibilbidearen eta bere ikuspegi sortzailearen inguruan.
Saria Bilbon hartu ondoren, barikuan, abenduaren 1ean, AMC SELEKTen SundanceTV kanalak zinemagileari eskainitako programazino berezia emongo dau; telebista linealean estreinauko ditu Julian Schnabel: Un retrato privado (2017) dokumentala eta zinemagilearen film ospetsuenetako bat, Antes que anochezca (2000); film honegaz Javier Bardem lehen aldiz izentau eben Oscar sarietarako.
SundanceTVk, lehenengo edizinoan Carlos Saurari saria emon eutsonak, zinemearen arloko sorkuntzeagaz dauen konpromisoan, omendu egiten ditu ikus-entzunezko lengoaiaren bidez publikoagaz konektau eta zazpigarren artearen mugak zabaltzen dituen istorioen kontalariak. Sari honek SundanceTVk eta Guggenheim Bilbao Museoak gure herriko zinemagile handiei egiten deutsen omenaldiagaz jarraitzen dau, izan be, hainbat eskola magistral atondu ditue museoan eta zuzendari ezagunek, besteak beste, Alejandro Amenábar, Fernando León de Aranoa, Álex de la Iglesia eta Isabel Coixetek parte hartu dabe horreetan.
Julian Schnabelen (Brooklynen jaioa, 1951n) obran pinturak, eskulturak eta papel gaineko lanak dagoz eta erakusketa monografiko ugari izan ditu mundu osoan. Haren sorkuntzeak erakunde honeen bilduma iraunkorretan dagoz, besteak beste, MoMA, MET - Metropolitan Museum of Art, New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoetan, Reina Sofía Arte Zentroan, Museo Nazionalean, Tate Gallery ospetsuan eta Pompidou Zentroan.
Julian Schnabelek sei film luze idatzi eta zuzendu ditu; horreen artean, Basquiat (1996); Antes que anochezca (Javier Bardemek Veneziako Coppa Volpi saria irabazi eban, eta zintak Epaimahaiaren Sari Nagusia be irabazi eban); La escafandra y la mariposa (2007), Cannesen zuzendari onenaren saria eta ingelesez besteko film onenaren eta zuzendari onenaren Urrezko Globoen saria jaso zituana; Oscar sarietarako lau izendapen, tartean zuzendari onenarena, eta Cesar saria Mathieu Amalricentzat; Lou Reed Berlín (2007); Miral (2010); eta Van Gogh, a las puertas de la eternidad (2018), Willem Dafoe protagonista dauen filma; honek Veneziako Coppa Volpi saria ere irabazi zuen, eta Oscar sarietan eta Urrezko Globoetan aktore onenaren sarirako izendatua izan zen. Egun, Julian Schnabel bere zazpigarren film luzea egiten dabil, En la mano de Dante izenekoa; Nick Toschesen nobela homonimoaren moldaketa bat da.
SundanceTV AMC SELEKTen eskuragarri dagoan telebista-kanal bat da, kritikak eta publikoak goretsitako zinema independentea eta mundu osoko nazinoarteko telesail arrakastatsuak eskaintzen dituana. Ordainpeko telebista-plataforma nagusietan banatzen da, baita ondokoetan be: Movistar Plus+, Vodafone TV, Orange TV, Euskaltel, R, Telecable, Agile TV, Jazztel TV, CLICtv eta tokiko kablea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!