Bilboarte Fundazinoaren 25. urteurrena ospatu dabe
2023-11-28 09:18 KultureaUribitarte40 erakusketa aretoaren inaugurazinoagaz bat eginik.
Bilboko Udalaren arte garaikideko produkzino-zentroak, BilbaoArte Fundazinoak, 25. urte bete ditu egunotan eta, ospakizun modura, Uribitarte40 erakusketa-aretoa inaugurau dau, azken 25 urteetan batutako arte-bilduma zabalaren erakusleihoa.
Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan da inaugurazio horretan buru eta beragaz batera Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak eta Javier Riaño BilbaoArteko zuzendariak parte hartu dabe.
Bilbotarrei uriko arte-areto barri hau ezagutzera emoteaz gan, espazioa inauguretan dauen erakusketea aurkeztu dabe; erakusketan Javier González de Durana da komisarioa eta Tradizio moderno bat dau izenburu. Erakusketa horrek BilbaoArteren historiaren errepasoa egiten dau, sortu znetik zentrotik igaro diran hogeita hamar artista ingururen lanen bitartez.
Uriko erdigunean dagoan kultura-bizitzarako zentro barri eta estrategiko honetan, herritarrek ikusgai izango ditue bai hautatutako arte garaikideko obrak, baita Fundazinoaren bildumako erakusketa kolektiboak be. Era berean, BilbaoArteren arte garaikideko bilduma zabalaren zati handi bat biltegiratuko da Uribitarte40 espazioan.
Bilduma horrek 600 pieza ditu eta era guztietako diziplina eta praktika garaikideak batzen ditu. Holan, Eusko Jaurlaritzeak bilduma hori autortzen dau, 2023ko apiriletik Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan. Hain zuzen, organo horrek dirulaguntza bi emon deutsoz udal-proiektuari: bata bildumako argazki-erregistro profesionala, katalogazinoa eta dokumentazinoa egiteko eta bestea lehen erakusketarako.
Tradizio moderno bat
Inaugurazino-erakusketea Javier González de Durana (Bilbo, 1951) komisarioak atondu dau eta askotariko diziplinatako (pinturea, argazkigintzea, eskulturea, instalazinoa, bideoa eta grabatua) 29 artelanek osotzen dabe. Esposizinoa sortzaileen belaunaldi bik gitxienez konpartiduten dituen interes eta kezken erakusgarria da eta argi dago persona bakotxak, nork bere izakeratik abiatuta, interes eta kezka horreei zela heltzen deutsen eta horreek zelan garatzen eta konpontzen dituan.
Obren egileak artista ezagunak dira, garai batean BilbaoArten egoiliar izandakoak, besteak beste, Txaro Arrazola, Kepa Garraza, Abigail Lazkoz, Alain Urrutia, Amaya Suberviola, Ismael Iglesias, Alberto Albor, Gala Knörr, June Crespo, Alberto Lomas, Saioa Olmo, Jørund Falkenberg Aase, Monika Grabuschnigg, Nerea Apodaka, Estíbaliz Sádaba, Mikel Eskauriaza, Roberto Aguirrezabala, Patrik Grijalvo, Ramón Churruca, Íñigo Cabo Maguregui, Mara Reguilón, Naia del Castillo, Begoña Zubero, Iñaki Sáez, Fermín Moreno, Txuspo Poyo, Florencia Rojas eta Eduardo Sourrouille & Elssie Ansareo.
Inaugurazio-erakusketearen harian, Bi hiri bakar batean liburua aurkeztu da. Argitalpen horretan, Javier González de Duranak BilbaoArte produkzino artistikoko udal-zentroaren sorrerea eta testuingurua errepasetan ditu eta haren oinarrizko mugarri eta lan arlo batzuk aztertzen ditu. Liburuan azken hogeita bost urteetan dirulaguntza, beka, egoitza eta alkartrukeen onuradun izan diran artistakaz lotutako ilustrazinoak eta dokumentazinoa nabarmentzen da, bai eta erakusketan parte hartzen daben eta BilbaoArte Fundazinoaren bildumako artistei buruzko irudiak eta informazinoa be.
BilbaoArte datorren urtean izango diran erakusketei begira dabil lanean; zehatz esateko, bildumako erakusketea, udakoa, Gabonetakoa eta banakako bost erakusketa, BBK Fundazinoaren laguntzeari esker egonaldi artistikoa egiteko beka bat izan daben artisten artetik aukeratutako egileenak.
Inaugurazino instituzionala egiteaz gan (Eñaut Zubizarreta Mendieta Trigger biolontxelisteak jo dau), erakusketa-areto barria zabalik dago jentearentzat.
Kontuak kontu, BilbaoArte Fundazinoa hobetu, eguneratu eta zabaltzeko, asmo handiko ekintza-plan bat sortu da, beka barriak, zentroaren nazinoartekotzea, zentroa auzo periferikoetara deszentralizeteagaz eta Urazurrutiako egoitzan erreformak egiteagaz lotuta.
Seihileko honetan bertan, baldintza ekonomiko hobeak dituan beka-eredu barri bati ekin jako, iraupen luzeagoko egoitza artistikoetara bideratua. Banakako erakusketea merezidu daben proiektuak dituen artistek aukerea izango dabe beren proposamenak ikusgarriago eta irisgarriago dagoan areto batean ipinteko, BilbaoArteren helburu nagusiagaz bat etorriz, hau da, artistak produkzino fase guztietan profesionalizetako helburuagaz bat etorriz.
BilbaoArteren eredua eguneratzeko jarduera arloen artean, zentroa nazinoartekotzea be badago eta, horretarako, lankidetza-hitzarmenak egiten dira Europako beste arte-erakunde batzuekaz. Azken hamabi hileotan, ondokoakaz egin dira alkartrukeak: Bevilacqua La Masa (Italia) alkartea –Otaola Ubieta familiagaz lankidetzan–, Moving Artists (Irakeko Kurdistan) eta Kunsthaus Bregenz (Austria). Horrezaz gan, finantzaketa-hitzarmen bat kudeatzen dabil L 'Institut Français d' Espagne erakundeagaz, Saint-Etienneko (Frantzia) Cité du Design erakundeagaz truke bat egiteko.
Nabarmentzekoa da, BilbaoArte Otxarkoaga auzora zabaltzeak izan dauen erantzun bikaina. Prozesu horri 2022ko zezeilean ekin jakon, fundazinoak gestionautako lau estudio aldi baterako lagatuta. Urte bi baino gotxiagoan, 30 artistak lan egin ahal izan dabe instalazino horreetan.
Amaitzeko, planaren azken zereginean dabil erakundea, egoitzearen azken barritze lanetan, hain zuzen. Administrazinoa beheko pisura eroanda, hurrengo beketan onuradun gehiago hartu ahal izatea espero da.
25 urte atzera begira
BilbaoArte erreferentziazko zentrotzat hartzen dabe Europako panorama artistikoan. 25 urtetan, Fundazinoak 100 ikastaro praktiko baino gehiago eskaini ditu, 300 erakusketa inguru produzidu ditu, produkzino artistikorako 660 beka emon ditu eta nazinoarteko 140 alkartruke gauzatu ditu beste arte-zentro batzuekaz, urtean batez beste 150 erabiltzailegaz. Horren emoitzea dira bilduman dagozan ia 600 artelanak, gaurtik aurrera ikusgai Bilbon.
Arte-erakunde eta zentro askok izan ditue lankidetzarako eta alkartrukerako hitzarmenak BilbaoArtegaz, besteak beste: Dublingo Institutu Teknologikoa (Irlanda), The One Academy of Communication Design (Malasia), San Luis Potosiko Centro de Producción Gráfica (Bolivia), Moreliako Estatu Idazkaritza (Mexiko), Stavangerreko Rogaland Art Centre (Norvegia), Pariseko Cité Internationale des Arts (Frantzia) eta Seuleko SeMA Nanji (Hego Korea).
Erakundeen arteko lankidetzea
BilbaoArte Bilboko Udaleko produkzino artistikorako zentroak dituan lankidetza instituzionalei jagokenez, azpimarratzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Herriak egiten funtsaren finantziazinoa jaso dala zentroa handitzeko proiektua gauzatzeko, bai eta Kultura eta Kirol Ministerioaren 100.000 euroko ekarpen ekonomikoa be, BilbaoArte handitzeko proiektua babesteko eta erakusketa-aretoaren ekipamendua osotzeko. Horrezaz gan, BBK Fundazinoak hasieratik babestu dau zentroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!