UPV/EHUko errektore Eva Ferreira, Enlight partzuergoko buru

Bizkaie! 2023-11-24 13:23   Kulturea

Europako hamar estadutako hamar unibersidade dagoz Enlight aliantzan.

Dagoeneko proiekturik sendoenetako bat da Europan unibersidadeen arteko lankidetzarako. Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak aitatu aliantzako Gobernu Batzarreko buru kargua hartu dau gaur Upsalan (Suedia), uri horretako unibersidadeko errektore Anders Hagfeldt-en eskutik. Kargua txandakakoa da. Errektorea sei hilebetez izango da buru eta epe horretan euskal unibersidade publikoak gidatuko dau Europako aliantzea.

UPV/EHUko errektoreak proiektuaren estrategikotasuna azpimarratu dau, bai eta ekimena epe honetan gidatzearen erantzukizuna be: Bikaintasuna eta askonahia ditu ezaugarri Europako unibersidadeen aliantzeak. Espazio edegi sortu gura dogu ikasle, irakanasle-ikertzaile eta gestinoko langileek lankidetzan, sormenez eta modu barritzailean lan egin ahal izan deien, beti be garapen jasangarria, konpromiso globala eta gizarte eraldaketea helburu izanik. Estutu egingo dogu kideon arteko alkarlana eta aliantza hau benetako unibersidade europar bihurtuko dogu, danon balio batzuen inguruan dabilena eta gizarte gero eta solidarioago, oparoago eta inklusiboago bat bultzatuko dauena”.

Enlight (European university Network to promote equitable quality of Life, sustainability, and Global engagement through Higher education Transformation) hamar unibersidaderen aliantza bat da, Europako goi mailako hezkuntzea eraldatzen laguntzea, ikasleei barrikuntzarako ezagutzak, trebetasunak eta ahalmena eskaintzeko helbuak dituana, kapaz izango da gaur egungo erronka sozialei aurre egiteko eta bizi kalidade bidezkoa eta jasangarria sustatzeko. Proiektua 2020ko garagarrilean onartu eban Europako Batzordeak. Hasieran bederatzi unibersidade egozan taldean: Bordelekoa (Frantzia), Galwaykoa (Irlanda), Gantekoa (Belgika), Gottingen (Alemania), Groningen (Herbehereak), Komenius-Bratislavakoa (Eslovakia), Tartukoa (Estonia), Uppsalakoa (Suedia), UPV/EHU. Aurten Bernako (Suitza) unibersidadea batu jake. Guztiak unibersidade jeneralistak dira, ikerketearen bikaintasunagaitik eta gizartearen aurreko konpromisoagaitik. Danetara, 330.000 ikasle baino gehiago batzen dituzte.

Oraintsu, Europako Batzordeak Enlight aliantzea hautatu dau, Europako Unibersidadeen Erasmus+ 2023 deialdiaren barruan, datozen lau urteetan zehar 14,4 miloe euro jasoteko. Erakutsi, ikasi eta ikertzeko modu kooperatiboago, irudimentsuago eta barritzaileagoak bultzatzen dituen ekimen akademikoak diruz laguntzea da helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu