Proiektu eta sari gehiago II. Lea-Artibai Sarietan

Bizkaie! 2023-11-24 12:48   Kulturea

31 proiektuk parte hartu dabe, igaz baino 13 gehiago.

II. Lea-Artibai sariak emon ditue Ziortza-Bolibarreko udaletxeko aretoan. Lea-Artibaiko ekintzaileak omendu, eskualdean lanpostu barriak sortu eta gizartean, oro har, ekintzailetzea sustatzeko. Ekimen hau Lea-Artibai Fundazinoak atontzen dau, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Alkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen babesari esker.

Sari-banaketa ekitaldia Esti Plazak, Lea-Artibai Fundazinoko ekintzailetza, merkataritza eta talentu arduraduna eta Nerea Gartziak gidatu eben; bertan izan ziran Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Alkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea, Lea-Artibai eskualdeko udalak, eskualdeko merkatari alkarteak, lehiaketan parte hartu daben ekintzaileak, aurreko edizinoko parte-hartzaileetako batzuk eta eskualdeko hainbat ekintzaile.

Danetara, 31 proiektu aurkeztu dira, igaz baino 13 gehiago. 2022-2023 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio barri bat martxan jarri daben ekintzaileak parte hartu dabe lehiaketan. Holan, horreei errekonozimendua autortzeko asmoarekin, ondoko 5 modalidade honeek saritu ziran:

- Negozio-idea berritzaile onenari saria (2.000 € + garaikurra): DAONAZ. Ekintzailea: José Luis Ezkerra Pérez, Amoroto.

- Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenari saria (2.000 € + garaikurra): CUERPO Y ALMA. Ekintzailea: Andreia Patricia Gómez Branco, Ondarroa.

- Kooperatiba ereduari saria (2.000 € + garaikurra): Bertan behera gelditu da.

- Gazteek sortutako negozio-idea onenari saria (2.000 €-ko 5 sari + garaikurra).

1. BETI PREST AUTOAK. Ekintzaileak: Boubaker El Farh eta Mohsin Zligui, Ondarroa.

2. BUZTARRI TABERNA. Ekintzaileak: Mikel Gandiaga eta Kepa Gandiaga, Markina-Xemein.

3. EMESE. Ekintzailea: Selene Chica, Markina-Xemein.

4. PASTOR. Ekintzailea: Ramona Lisa Tomoiaga, Ondarroa.

5. URKI. Ekintzailea: Urki Olaetxea, Ondarroa.

- Emakume ekintzaileari saria (500 € + garaikurra). BARE-BARE ARNAS LEKU. Ekintzailea: Miren Maitena Mendieta Ibarra, Lekeitio.

Laguntza ekonomikoaz gan, irabazleek ondoko abantailak izango ditue: Lea-Artibai Barrikuntza Gunean dagoan Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna; Leartibai Fundazinoak kudeatzen dituan programatan parte hartzeko erraztasuna; eta negozio-idearen garapenean eta azelerazinoan aholkularitzea Leartibai Fundazinoko ekintzailetza-teknikarien eskutik.

Ekitaldiaren amaieran Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak aurreskua jantzan egin eutsen irabazleei.

Gazteentzako 5 sari

Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023 Bizkaiko Foru Aldundiak Lea-Artibaiko 12 udalerrigaz lankidetzan sustatutako proiektuari esker, Gazteen kategoriari bultzada berezia emon jako aurten eta 10.000 € banatu dira eskualdean negozioa jarri daben 5 gazteren artean.

Proiektu horren erronkea gazteen emantzipazinoa bultzatzea da, prestakuntzeagaz eta laneratzeagaz lotutako ekintzak zehaztu eta martxan jarriz. Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023
Leartibai Fundazinoak kudeatzen dau eta egitasmo horren barruan emon jake saria eskualdean enpresa bat sortu daben 5 gazteei.

Instagram

Instagram lehiaketan 684 personek emon dabe botoa gustukoen daben proiektuari eta irabazlea Olaia Golzarri Markina-Xemeindarra izan da eta eskualdeko produktuez osotutako otzara bat jaso dau. Boto gehien hartu dituan proiektua be saritu da: 329 boto izan ditu Markina-Xemeingo Buztarri Taberneak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu