Aitor Fernandino: 'Profesionaltasuna nahi geuntson emon Ipuinkadaka-ri'

Andoni Mugica Lopez 2023-11-27 07:55   Barriketan

Azken urteotan, gero eta podcast gehiago dagoz, izan be, mota guztietakoak entzun daitekez, esaterako, historia, kulturea, umorea edo alkarrizketak. Ipuinkada, Irudimena pizteko ipuinak-en helburua umeek podcastak euskeraz konsumidutea da.

Familia osoak disfrutau daian dagoz grabauta, batez be, 4 eta 12 urte bitartekoentzat.

Lan taldeari jagokonez, Maria Urcelay, Aitor Fernandino eta Aitor Borobia aktoreek jarten ditue ahotsak. Gidoi lanetan Aitor Fernandino eta Aitor Borobia egon dira eta soinua, Ibon Agirrek landu dau. Produkzino etxeak, barriz, Anodino Teatroa eta Audiogela izan dira hain zuzen be. Egitasmoak Getxoko Udalaren laguntzinoa jaso dau.

Halanda ze, Aitor Fernandinogaz egin dogu berba, Ipuinkadaka proiektuari buruz.

1.- Ez dakianarentzat zer da eta zelan sortu da Ipuinkadaka?

Neuretako istorio polita da, seme-alaba bi ditut eta kotxean podcast asko entzuten doguz eta hareek beti esaten eustien Aita jarri podcast bat geuretzat. Egia esan, gaztelaniaz esan eustien ponnos un cuento [barreak].

Halanda ze, Podcast batzuk gaztelaniaz entzun genduan baina ez jaken gehiegi gustau. Persona bat zan ipuinak kontetan eta neu, aktore bezela, akatsak ikusten nituan berton (Halanda be, ondo egoan egina). Horren ostean, orain dala urte bi, proiektua hasi genduanean, euskerazko umeentzako podcastak topetan hasi eta oso gitxi egozan (Hori bai, orain gehiago dagoz).

Bila eta bila, bat topau genduan, iparraldeko persona batek egiten ebana, baina neure seme-alabek ez eben oso ondo ulertzen eta nik egitea erabagi neban, neure kabuz, gustuko lanean aldatzik ez dagoalako.

Idea martxan, Aitor Borobiagaz alkartu eta horrek Ibon Agirre aurkeztu eustan eta ganera, horreezaz gan, Getxoko Udalaren laguntzinoa jaso genduan eta horri esker proiektua profesionalagoa da.

Oso pozik gagoz emoitzagaz, azkenean geure helburua hasieratik izan da umeentzako eduki gehiago sortzea, beti be, podscat bezela eta euskerea sustatzea, eurentzat aproposak diran euskarri eta edukiak erabiliz.

2.- Beraz, helburuak hasierakoak dira?

Bai, umeek edukiak euskeraz entzun ahal izatea, behintzat aukera hori izatea. Neu, heldua izanda, askotan ez ditut topetan intereseko podcastak (euskeraz), ez dot esan nahi ez dagozala, izan be, badagoz, baina gitxiago eta ezta erreza topetea. Egia da, eduki askoz gehiago dagozala gaztelaniaz, errezagoa da horreetara heltzea.

Beraz, geure helburua, Ipuinkadaka zabaltzea, euskerea sustatzea da, baita ipuinokaz umeen irudimena lantzea be. Umeek euskarri bisual asko konsumiduten ditue, esaterako, komikiak, liburuak eta marrazkiak, podcast honegaz, ume bakotxak bere irudiak sortuko ditu buruan. Hori, oso polita da, umeen irudimenaren beste atal bat lantzen dogulako. Benetan, neure eretxiz, zeozer polita topau dogu hemen.

3.- Lehenengo kapitulua abenduaren 3an estreinauko da, ze espero dozue?

Bai, atal guztiak prestauta dagoz eta astero kapitulu bat atarako dogu. Geure gogoa da, Ipuinkadaka zabaltzea eta gero eta jende geihagok konsumidutea. Ez dogu nahi geure lana Getxon amaitzea, izan be, Euskal Herriko herrietan zabaltzea nahiko geunke, beste herri batzuekaz alkarlanean ibiltea hain zuzen be. Horregaitik geure nahia da podcasta euskaldunen artean zabaltzea.

4.- Gero eta podcast gehiago dagoz, zein uste dozu dala horren arrazoia?

Bai, egia da. Podcastek gauza on bat dabe, izan be, etxean mikrofono bategaz egiteko aukerea eskaintzen dabe. Soinua eta teknologia pixkat kontrolau ezkero, erraz egin daiteke. Neure lagun batzuk be egin ditue, beraz, diru aldetik ekonomikoa izan daiteke.

Hori bai, geure ideea pixkat profesionalagoa egitea zan eta horretarako, Ibon Agirre, soinu teknikaria, Euskadiko onenetarikoa dana eta hiru aktoregaz, Aitor Borobil, Maria Urcelay eta hirurok hartu dogu parte. Horrezaz gan, Aitor Borobia eta biok izan gara gidoilariak.

Lan ordu asko dago kapitulu bakotxean, izan be, profesionaltasuna nahi geuntso emon proiektuari.

Ez dot esan nahi beste podcast batzuen atzean ez dagoala lanik, baina, geure kasuan, saiatu gara kalidadea hobetzen, behin hasita, ondo amaitzea zan geure helburua. Hasieran buruan nituan ideak, nabarmen puztu dira eta hori positiboa izan da.

5.- Ipuinkadaka programea, produkzino etxe bik eroan dabe aurrera, Anodino Teatroa eta Audiogela Estudioa. Zela izan da lankidetzea?

Bai, produkzino partekatua izan da. Biok egon gara lanean eta espero dogu kolaborazino hau ez izatea bakarra, izan be, oso ondo eta gustora egin dogu lan alkarregaz eta hori, oso garrantzitsua da.

6.- Proiektuak Getxoko Udalaren laguntzinoa jaso dau. Hurrengo proiektuari begira, begi onez ikusten dozue beste udalerri baten laguntzinoa jasotea atal barriak sortzeko?

Bai, guztiz. Hori da geure ideea. Getxoko Udalak ataratako beka batzuetara aurkeztu eta suertez, aukeratuak izan ginan. Dirua emon euskuen proiektuak aurrera egiteko eta behin emoitzea ikusita, benetan uste dogu ekimen polita izan leitekeala beste herri batzuetan martxan jarteko.

Neure seme-alabak, esaterako, ipuin bat irakurtean eta leku horretatik pasetan diranean liburua etorten jaku burura. Beraz, liburuari esker, lekua identifiketan dabe. Programea entzutean, ilusino hori izatea gustauko litxakit.

Ganera, beste alde batetik, ni getxokoa izanda, badakit neure seme-alabek herriko txoko ugari ez dituela ezagutzen. Podcast-aren bitartez leku horreeek ezagutzera emoteko eta etxetik urtetako atxaki bihurtu daitekela.

Hasieratik amaierarako geuk egindako produkzinoa izan da eta interesgarria iruditzen jaku beste herri batzuetan be apliketako, euskera alkarteetarako eta beste batzuetarako.

7.- Ipuinkadaka abenduaren 3an estreinauko da bere lehenengo kapitulagaz, Bixent Sugandila izenekoa. Horrezaz gan, lau kapitulu gehiago kaleratuko dira: Xanta untxia eta kamaleoia (Abenduak 10); Malda eta Zorrotz (Abenduak 17); Ipuinak bilatzen zituan ipuina (Abenduak 24); eta, Niko eta dinosaurio berdea (Abenduak 31). Jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Bai. Instagramen gagoz, Ipuinkadaka izenagaz. Berton, kapitulu guztien informazinoa egongo da. Halanda ze, gustauko litxakit whatsapp edo aho bidez zabaltzea, podcasta ezagutarazoteko, umeek entzun ahal izateko hain zuzen be.

Momentuz, Spotify eta Ivoox plataformetan doban entzuteko aukerea dago. Gogo eta sentimendu asko jarri dogu bertan eta ahalik eta persona gehiagorengana heltzea da helburua.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu