'Hâmaïkà', Igor Calongerena 2023ko Dantzaldia amaitzeko

Bizkaie! 2023-11-24 10:32   Kulturea

Cielo Raso jantza-konpainia Igor Calonge koreografo eta jantzariak sortu eban Euskal Herrian 2010ean.

'Hâmaïkà' - Cielo Raso – IGOR CALONGE | Ikusi handiago | Argazki originala

2023ko Dantzaldia amaitzeko hitzordu bakarra falta da, izan be, abenduaren 14an, Hâmaïkà obrea eskainiko dau Igor Calonge koreografo eta jantzari donostiarrararen Cielo Raso jantza-konpainiak. Hâmaïkà-k fikzinoa eta errealidadea jorratzen ditu, ez oso serio, baina geure burua begiratzera bultzatuz. Fikzinoa eta errealidadea alkartzen diranean, magia agertzen da. Magiak beti daukaz trikimailuak eta normalean ez dau holakorik erakutsi gura, horrek ilusinoa hilten dauelako baina ilusinoa irudimen falteagaitik hilten da.

Cielo Raso jantza-konpainia Igor Calonge koreografo eta jantzariak sortu eban Euskal Herrian 2010ean, hau da, bere kultura eta arte-adierazpenetan nortasun handiko lurraldean. Identidade hori eta garaikidetasuneranzko eraldaketea dira Cielo Rasoren lanaren oinarria. Berbakera fisiko barriari ekiteko, tradizinoa, gorputzaren indarra, erresistentzia, burruka primitiboa, sinbologia eta poetikea erabilten ditu.

Eszenaren tratamenduan be lortu dau Cielo Rasok estilo berezi bat: 18 sorkuntzak emoten deutse balioa bere lanen intensidadeari.

Konpainiaren lanek Frantzia, Brasil, Mexiko, Argentina, Panama, Paraguai eta Finlandia bisitatu ditue.

Sarri hautatu ditue hainbat sare, plataforma, feria eta jaialditan, besteak beste, Dantza a Escena, Espainiako Areto Alternatiboen Sare Zirkuitua, Platea Katalogoa, AECID Katalogoa, dFERIA, Regards Croisés, Tàrregako Fira, Mes de la Danza de Sevilla, Cádiz en Danza, Danza Gijón, FAM Tenerife, FIBA Buenos Aires eta Black & White Finland Festival.

Kontuak kontu, udagoieneko hitzorduan hainbat ikuspuntutatik egindako jantza-aukerez gozetako abagunea izan dogu, aukera artistikoak baina baita geografikoak, lankidetzakoak eta konplizidadekoak be eta, batez be, hurrekoak.

Joan eta etorriko bidaia egin daben eta bidean jarraitzen daben bertoko jantzariak eta koreografoak dira Asier Zabaleta bezela, orain munduan zehar dabilena, baina Suitzan heldu eta Euskal Herrira konpainia lez bueltau zana bere ibilbideari ekiteko; Igor Calonge bezela, Donostiako lana eta Ipar nahiz Hego Amerikako iges luzeak bateratzen dituana; edo Olaia Valle jantzaria, bere sorkuntza-lana eta zenbait konpainiarentzako interpretazino-lana buztartzen dituana edo Mizel Theret Miarritzetik, haren hasierako maisu eta euskal jantza tradizionalaren babeserako protagonista izan ziranen oroimena jaso dauena edo Estévez, Paños & Cía., flamenko berria sortzeko flamenko askoren tradizinoan oinarritzen diranak (Juan Kruz Díaz de Garaio Esnaola gipuzkoar internazionalak koreografiautako pieza bategaz).

Irailaren 26an hasi zan Bilboko Rekalde Aretoan, Glovo kolektiboaren Alleo piezeagaz.

Urriaren 3an, Bilboko Arte Ederren Museoan, Icaza Hall bikaineko ateak edegiten deuskuzan lankidetzaz gozetan jarraitu genduan Chey Jurado & Javito Mario bikote barriak, Samsara obrea eskaini euskuelako  norberaren nortasuna sortzeko emoten dan behatzailearen eta behatutakoaren arteko konexino-ziklo eternala eta Ertza/Asier Zabaletaren Otempodiz lanak beste kultura batzuen denporearen pertzepzinoa agertu euskuzan.

Urriaren 29an, Portugalgo Ypsilon# jaialdiagaz izandako trukeen emoitza bezela, Filipe Moreira portugaldar konpainiaren bisitea jaso genduan La Fundición aretoan, Escuta lanagaz. Moreiraren piezea isiltasunari eta gorputzaren eta ahotsaren aurkikuntzearen alderik primitiboenari buruzkoa da.

Hortik aurrera, besteak beste, Mizel Theret, Estévez, Paños & Cía, Jesús Rubio Gamo, Stocos Institutua/Muriel Romero & Pablo Palacio eta Cielo Raso/Igor Calonge izan dira gurean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu