'Change of context': Colin Hoisington eta Andrew Hollisen erakusketea Bilboko Desio Artspace galerian
2023-11-23 09:10 KultureaMarrazki, eskultura eta orio-pintura ugariz osotutako bildumea da.
Zemendiaren 24an, erakusketa berri baten inaugurazinoa izango da Desio Artspacen (Dos de mayo, 12 ): Change of context izenpean Colin Hoisington eta Andrew Hollis-en lanak ikusi ahal izango dira. Marrazki, eskultura eta orio-pintura ugariz osotutako bildumea da eta izenburuak berak adierazoten dauen legez, ikuslea beste errealidade batzuetara eroango dabe.
Colin Hoisington
1979 urtean jaioa, Colin Hoisington artista kaliforniarra Euskadiz maitemindu zan eta ordutik, 10 urte daroaz Bilbon biziten.
Biologia Zientziak eta Artea ikasi zituan aldi berean Kaliforniako Santa Barbara Unibersidadean eta, aurrerago, Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) ikerketa eta sormen artean master titulua atara eban. Gaur egun irakaslea da bertako pintura masterrean eta dokotoretzea egiten dabil: Synesthesia, electronic music and painting.
Colinen doktoregoak sinestesiaren egoera arraroa ikertzen dau, zentzumenen pertzepzinoa kurutzatu egiten dan hori: Soinuak eta usainak ikus daitekez. Zer itxura izango dau honek? Zelan eragin leikie sentimenduek eta emozinoek ikusten dogun guztiaren ikus-ezaugarriei? Nire marrazki eta pinturakaz, usainek eta soinuek formea hartu deien saiatzen naz, dino Hoisingtonek.
Andrew Hollis
Artistearen lanak pintura figuratiboaren aukerak eta mugak aztertzen ditu. Erabilten dauen erreferentzia-materiala 1989. urtea baino lehen argitaratutako entziklopedien eta urtekarien argazki-irudiak dira. Irudi horreen jatorrizko helburua zenbait jazoera, persona edo objekturi buruzko informazino zehatza islatzea zan. Irudi horreek beren garaietatik atara eta orainaldira ekarrikeran, gure egungo errealidade semantikoan ditugun aukeren arabera birkokatzea da asmoa.
Erabilten dituan irudi-elementuen aukera semiotikoei are gehiago eragiten deutse pinturearen ingurunera egindako transposizinoak eta, horren ondorioz, argi barri baten azpian geratzen dan irudiari begira jarten gara; argi horrek, hain zuzen, pintautako irudian historian zehar metatutako esangurak argiztatzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!