Durangoko gabonetako erakusleihoen lehiaketan sarietako bat herri-bozketa bidez izango da
2023-11-23 08:28 Pil-pileanParte hartzen dabe establezimenduek bereizgarri bat izango dabe.
Durangoko Udalak udalerriko merkataritzeari eta ostalaritzeari zuzendutako Gabonetako erakusleihoen lehiaketea aurkeztu dau, Gabonetako kanpaineari begira durangarren artean konsumoa sustatzea helburu dauena.
Aurtengo edizinoak hainbat barrikuntza izango ditu, besteak beste, aurten parte hartuko daben establezimendu komertzial eta ostalarien artean banatuko dan izar bereizgarria.
Horrezaz gan, aurten, hiru erakusleiho onenakaz batera, laugarren sari bat egongo da, abenduaren 18tik 22ra bitartean herritarrek botua emon ostean erabagiko dana, www.partehartu.durango.es plataformearen bidez. Sariak 1.500 eurokoak izango dira lehenengoarentzat, 1.000 eurokoak bigarrenarentzat, 500 eurokoak hirugarrenarentzat eta 300 eurokoak herritarrek aukeratutako sariarentzat. Horreek guztiek saria egiaztatzen dauen diplomea jasoko dabe. Lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak lehiaketako epaimahaiak proponiduta emongo dira.
Herri-bozketearen balorazino-erispidea erakusleihoaren kalidade estetikoa, produktuaren erakusketako originaltasuna, asmamena, sormena eta erakusleihoaren eta Durangoko historiaren eta sinboloen arteko loturea izango dira. Salbuetsita geratuko dira epaimahaiaren lehen, bigarren edo hirugarren saria jaso daben establezimenduak.
Jesica Ruiz Durangoko alkateordeak adierazo dauenez, ekimenaren helburua, Durango Bonoagaz batera, tokiko establezimenduetan erosketak eta konsumoa sustatzea da eta Durangoko merkataritza eta ostalaritza-sareari balioa emotea. Aurten durangarrak inplikau eta parte hartzea nahi dogu, Gabonetako erakusleihorik onena aukeratuz.
Parte hartzen daben establezimenduek 2023ko abenduaren 11tik 2024ko urtarrilaren 7ra arte izan beharko ditue Gabonetako erakusleihoak, apainduta eta jentaurrean.
Lehiaketan parte hartzeko eskabidea abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko da eta egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da. Salbuespena, egoitza elektronikora sartzeko aukerarik ez daben personek HAZren bulegoetan aurkeztu ahal izango dabe eskabidea (Barrenkale, 17).
Sari banaketea abenduaren 28an izango da, aurten Durangon egingo dan Bizkaidendak Erakusleihoen Lehiaketearen Finalagaz batera.
Informazino gehiago eta oinarriak www.durango.eus webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!