Durangoko Azokeak 950 nobedade eta 265 ekitaldi aurkeztu ditu

Bizkaie! 2023-11-22 12:29   Kulturea

Aurten ez da online salmentarik egongo.

BeƱat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzailea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Durango Azokeak 58. edizinoko egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu. Abenduaren 6tik 10era euskal kulturearen FantasiaDA! biziteko prest agertu dira atontzaileak. Horretarako, 950 kultur nobedade eskainiko ditue Landako guneko 265 erakusmahaitan: 689 liburu, 179 musika-produktu, 44 aldizkari eta 40  (ikus-entzunezkoak, papelgintza eta bestelakoak).

Gerediaga alkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak adierazo dauenez, aste bi baino ez dira falta Durangoko Azokearen 58. edizinoari ekiteko eta, hilebeteetako lanaren ostean, hementxe, esku artean daukagu egitaraua. Ilusinoz esaten dogu azoka ederra datorrela.

Horrezaz gan, Ahotseneako arduradunak, Miren Narbaizak, adierazo dauenez, 70 zuzeneko eta 50 ekitaldi atondu doguz, ez da gitxi! Horren atzean, ilusino eta lan piloa dagoalako. Ganera, Andoni Urzelaik, Zu Non, Han DA!-ko arduradunak 88 liburu-dendek hartuko dabe parte egitasmoan, halanda ze, Azokan plazaratutako nobedadeak Euskal Herri osoan ikusi ahalko dira nabarmendu dau.

Irudienako arduradunak, Irati Agorriak, barriz, aniztasuna, balioak, historiak itxitako ertz eta memoria ariketa, fikzinoa eta fantasia pantaila handira eroango dirala gehitu dau. Azokeak irauten dauen bost egunetan, Fantasia DA! programea egingo da Azokearen telebistan.

Amaitzeko, Izaskun Ellakuriagak, egitarauko arduradunak, antzerkia, jantzea, bakarrizketak, inprobisazinoa eta bestelakoak nabarmendujko neukez; horri esker, sortzaileen esperimentazinoa eta fantasia gertutik ezagutu ahalko ditue azokara gerturatzen diran herritarrek adierazo dau.

Horrezaz gan, guneetako arduradunek egitarauaren xehetasunak emon ditue:

  • Talaia: Landako Gunean berton kokatzen dan gune horretan 48 ekitaldi atonduko dira abenduaren 8an, 9an eta 10ean. Irulegiko eskuaren inguruko liburu bat aurkeztuko dau Aranzadik; Joxe Azurmendiren pensamenduari buruzko mahai-ingurua antonduko dau Jakinek; Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel izeneko lana azalduko dau; Euskadi Literatura saridun guztiak egongo dira berbaldi bitan banauta... eta espedizinoan egongo dan Alex Txikonegaz online konexinoa izaten ahaleginduko dira, Manaslu Neguan liburu barria aurkezteko.
  • Durangoko Museoa: Ximon Agirre kartel egileak berbaldia eskainiko dau Euskal Irudigileen Alkarteak atonduta. Suargi alkarteak Meridiano moreak, Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak izeneko nazinoarteko topaketea atonduko dau; Estibaliz Urresola, Itziar Ituño eta Ainhoa Olaso gazte durangarra izango dira euskal ordezkariak. Erakusketa berezi bat be egongo da azoka egunetan: Agustin Ibarrolaren Papera ardatz izeneko bildumea hain zuzen be. Ibarrola hil osteko lehen erakusketea izango da Durangokoa eta azken urteetan egindako lanak ikusi ahal izango dira.
  • Ahotsenea: 2023an argitarautako 70 liburu eta 50 disko barriren aurkezpenak batuko ditu. Egitarau anitza izango da, moldeei eta belaunaldiei jagokenez. Platerueneko zuzenekoetan elektronikwa, folkea, popwa, hardcorea, indiea eta rock doinuak plazarauko dira. Musikarien artean, esaterako, Nogen, Toc, Amorante, Eire, Ibil Bedi, Txopet eta Muare iznago dira. Musika eskolako berbaldietan, eleberriak, poesia, antzerki-bildumak, saiakerak eta album ilustratuak aurkeztuko ditue. Idazleen artean, besteak beste, Harkaitz Cano, Lide Hernando, Miren Agur Meabe, Goiatz Labandibar, Iñigo Martinez, Mari Luz Esteban eta Uxue Alberdi, izango dira.
  • Irudienea: 30 emonalditik gora izango dira Zugaza zinemean. Filmeak, dokumentalak, animazinoa, podcast emonaldiak, websailak, bideoklipak, laburmetraiak, Kimuak katalogoko lanak... Urtero lez, eguerdiro, umeentzako programea egongo da. Lan zehatzei jagokenez, besteak beste, Izaroren bideoklip estreinaldia, Gure Zirkuaren dokumentala, Bidasoa dokumentalaren berbaldia eta Habana Glass film laburra izango dira.
  • Kabia: Eremu digitalean sortzen diran egitasmoak ezagutzeko eta horiegaz esperimentatzeko plaza da Kabia. Abenduaren 6rako eta 7rako prestaturiko egitaraua, aniztasunaren adibide izango da: adimen artifiziala, software librea, digitalizazinoaren inguruko hausnarketa kritikoak, euskerearen erabilera indartzeko tresnak...
  • Saguganbara: Urtero lez, haurrei eta familiei begirako aurkezpenak eta ikuskizunak antonduko dira bost egunez, eta ekintzarik egongo ez dean tarteetan, irakurketea librerako gune lasai eta atsegin bat izango da Saguganbara. Yolanda Arrieta eta Pello Añorgaren  liburu aurkezpenak, ipuin kontalariak, Potx eta Lotx, Ene Kantak... fantasiaz beteriko egunak izango dira. Bestalde, aurtengo Sormen Bekaren irabazlea Saguganbaran ezagutzera emongo da abenduaren 9an.
  • Szenatokia: Magia berezia sortzen da aretoan, disziplina ugaritako sortzaileek parte hartzen dabelako. Eta, aurten be horrela izango da, izan be, 10 konpainien pieza laburrak taularatuko ditue, bakotxa pase bitan. Nabarmentzekoa da abenduaren 8an igazko Sormen Bekearen emaitza aurkeztuko dauela Jon Ander Urrestik, Eucalyptus izeneko antzezlana.

Ikusi hemen 58. Durangoko Azokearen egitaraua.

Oharrak

  • Egitarauaren aurkezpenean ohar ugari emun ditue atontzaileek:
  • DA! PRO topaketea: Zemendiaren 28an eta 29an sortzaileak eta programatzaileak batzeko topaketea izango da. Programatzaileek zemendiaren 27ra arteko epea dabe izena emoteko.
  • Zemendiaren 24an baDA!bil izeneko podkasta estreinauko dau Durangoko Azokeak, EITBgaz alkarlanean. 30 minutuko bost atal izango ditu, eta bakotxean hiru sortzaile izango dira: Izaro Andres, Uxue Razkin, Lide Hernando, Julen Apella eta Aner Peritz, esaterako.
  • Azoka Telebistak Fantasia DA! izeneko magazina produziduko dau egunero, eta kanal ugarietan ikusi ahalko da: tokiko telebistetan, azokearen webgunean eta youtuben.
  • Aurten ez da online salmentarik egongo, azokea presentzialaren aldeko apustua egingo dalako.
  • Dobako autobus zerbitzua martxan egongo da Iurretako autopista urteetako parkinetatik Landako inguruko Olleria kaleraino, 30 minuturo. Baina, abenduaren 10ean, domekaz, ez da erabilgarri egongo.
  • Abenduaren 10ean 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak, ganerako egunetan baino ordu bi lehenago. Halanda be, guneetako egitarauak martxan jarraituko dau iluntzera arte.
  • Durangoko Azoka itxi eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokeako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendatara helduko dira, eta horietatik 27tan liburu aurkezpenak egingo ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu