Mariët Westermann izentau dabe Solomon R. Guggenheim Museum and Foundationeko Zuzendari eta CEO

Bizkaie! 2023-11-21 07:55   Kulturea

Lehenengoz, emakume bat ezarri dabe arduradun.

Mariët Westermann | Ikusi handiago | Argazki originala

Patronatuak jakinarazo dau Mariët Westermann doktorea izentau dabela Solomon R. Guggenheim Museum and Foundation erakundeen Zuzendari eta CEO. Haren ardurea izango da Fundazinoa eta haren museo enblematikoa bai eta Veneziako Peggy Guggenheim Collection gainbegiratzea eta lankidetzako lidergoa eskaintzea Guggenheim Bilbao Museoaren eta etorkizunean Guggenheim Abu Dhabi izango danaren zuzendariakaz alkarlanean jarduteko. Egun, Westermann doktorea NYU Abu Dhabi-ren Errektoreordea da eta ibilbide luze eta arrakastatsua dau arte eta humanidadeen arloan dabizen eta mundu mailan izen handikoak diran goi-mailako ikastetxe eta erakunde filantropikoetan. Horrezaz gan, eskarmentu handikoa da artearen historian, museoetan eta ikerketan, bai eta erakundeen kudeaketan, filantropian eta nazioarteko hartu-emonetan be.

2019. urtetik Errektoreordea, Zuzendari Nagusia eta Arte eta Humanidadeetako irakaslea da NYU Abu Dhabi unibersidadeko campusean. New York University-ko campus horretan arte liberaletako graduak eta ikerketa-proiektuak garatzen ditue. Aurretik, erakunde bereko Zuzendari Akademikoa izan zan 2007tik 2010era eta, beraz, gai akademiko, administratibo, finantziero eta operatibo guztiak gainbegiratu ditu NYU Abu Dhabin. Artearen historiako prestakuntzea dau, lider barritzaile eta enpatikotzat hartzen da, bikaintasuna inspiretan dauena, konplejutasuna kudeatzeko kapaz dana eta modu sakonean ulertzen dau interkonexino global zein polarizatuak dituan gure mundu honetan arteak, kultureak eta humanidadeek jokatzen daben zeregin garrantzitsua.

Westermann doktorearen lidergoari esker bete-betean garatu ahal izan da NYU Abu Dhabiko graduen mailea; hamaikatxu irakasle barri etorri dira, horreen artean Wole Soyinka, unibersidadeko lehen Nobel sariduna; eta ikasketa barriak atondu dira, besteak beste, Arte eta baliabide bisualetako Arte Ederretako Masterra eta New York University-ko Stern School of Business eskoleagaz batera taiututako Enpresen Zuzendaritzako Master barria.

Filantropia bultzatzeko hainbat ekimenetan parte hartu dau eta hari esker NYU Abu Dhabi barrikuntzan, kulturan, truke intelektualean eta komunidadearen aurreko konpromisoan erreferentziazko erakundea da Arabiar Emirerri Batuetan eta, oro har, Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean. NYU Abu Dhabiko Ekintza Klimatikoaren Lehen Plana jorratzen lagundu dau, 2025ean karbono-neutraltasuna lortzeko ibilbide-orri zehatz eta errealistea.

Guggenheim Museum and Foundation erakundeen Zuzendari eta CEO izentau dabenez, Westermann doktoreak zuzenean erantzungo deutso Fundazinoaren Patronatuari, Konstelazinoaren zuzendaritza estrategikoa ezarri eta haren buru izango da, haren ikuspegia, eskaintzea eta asmoa gauzatzeko bidean. Fundazinoa eta haren erakunde enblematikoa dan New Yorkeko museoa gainbegiratu eta zuzenduko ditu eta haren ardurapean izango dira bertako arte-bilduma bikainak eta Europan eta Abu Dhabin dagozan konstelazinoaren gainontzeko museoen gidaritzea. 2024ko bagilaren 1ean hasiko da lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu