Zubietarrak gogoan

Bizkaie! 2023-11-21 08:07   Kulturea

Ricardo Gutiérrez Abascal Juan de la Encina-ren gorpuzkiak Garaira ekarri dira.

Mexikon sei hamarkada emon eta gero, Ricardo Gutierrez Abascalen gorpuzkiak familiaren Garaiko panteoira ekarri dira, Ricardoren ondorengoen nahia beteta. Kultura arloan, Juan de la Encina ezizenez ezaguna zan eta 1963ko zemendiaren 22an hil zan, orain dala 60 urte, Mexikoko erbestealdian.

Orain, Ricardo Gutiérrez Abascal Juan de la Encina zanaren omenezko ekitaldia egitea proponidu dabe Gutiérrez-Zubiaurre familiak, Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak, urteurren horren eta gorpuzkien itzulerearen kariz. Ekitaldia, zemendiaren 22an, arratsaldeko 19:00retan egingo da Garaiko udaletxean. Bertan parte hartuko dabe Pilar Gutierrez Zubiaurrek, Ricardoren loba eta Miriam Alzurik Ricardoren bizitea eta lana ikertu dauen Bilboko Arte Ederretako historialariak.

Ricardo Gutiérrez Abascal Bilbon jaio zan, 1883ko urriaren 6an eta Mexikon hil 1963ko zemendiaren 22an. Arte modernoaren defendatzaile sutsua, Espainiako gerra zibilaren aurreko arte kritikari ezagun eta itzal handienetakoa izan zan baina abangoardia artistikoei buruzko erreparoak be agirian itxi zituan. Eusko Ikaskuntzak, 1918an, Oñatin atondu eban Eusko Ikaskuntzearen Lehen Biltzarrean parte hartu eta berbaldi bi emon zituan, aurrerago La trama del arte Vasco lanean argitaratutakoak. Liburu hori 1919an argitaratu eben eta euskal artearen historiografiaren oinarrizko lanetako bat da. Pilar Zubiaurre idazle eta kultur ekintzaileagaz ezkondu zan, hau da, Valentin Zubiaurre musikariaren alaba eta Ramon eta Valentin Zubiaurre margolarien arrebeagaz eta Zubiaurre familiako kide garrantzitsua izan zan. 1931tik 1936ra, Arte Modernoko Museo Nazionalaren −egungo Reina Sofia Museo Nazionalaren aurrekoa− zuzendari izentau eban Espainiako Errepublikako gobernuak. Gerra zibila hasita egoala, 1938an, erbestera joan behar izan zan, Espainiako Errepublikearen alde agertzeagaitik. Parisen eta New Yorken izan zan baina, azkenik, Mexikon finkatu eta irakaskuntzeari lotutako ibilbide garrantzitsua izan eban herrialde haretako Unibersidade Nazional Autonomoko Arkitektura Eskolan.

2000an, Garain egin zan Ezpatadantzari Egunean, omenaldia egin jaken Zubiaurre neba-arrebeieta Leopoldo Gutierrezek, Ricardoren semeak, familiako kide guztien gorpuzkiak Garaiko kanposantuan dagoan familiaren panteoira ekarteko nahia agertu eban. Ordurako bertan egozan Pilar Zubiaurre bere amaren gorpuzkiak baina gainerako senideen gorpuzkiak Madril eta Mexiko artean sakabanatuta egozan. Gerediaga Elkarteak familiaren nahia beteten laguntzeko bideari ekin eutson eta egindako lanei esker, 2002ko garagarrilean, Valentin Zubiaurre Urionabarrenetxea musikariaren, haren emazte Ma Paz Agirrezabal Etxazarretaren eta seme bi Valentin eta Ramon margolarien gorpuzkiak ekarri zituen Garaira Madrilgo San Isidro Sakramentaletik.

Ricardo Gutierrez

Abascalen gorpuzkiak Mexikotik ekarteko kudeaketak be hasi ziran baina arazo burokratiko batzuk tarteko lehenengo eta COVIDaren pandemiaren eraginez gero, gorpuzkien lekualdaketea atzeratu egin zan. 2017an Leopoldo Gutiérrez bera hil zan eta 2014an hildako Mercedes Garcia-Urtiaga emazteagaz batera, Garaiko familiaren panteoian emon jakon lur.

Ricardo Gutiérrez Abascal Juan de la Encina-ren gorpuzkiak Mexikotik ekarri dira eta dagoeneko Zubiaurre familiako kide guztiak Garain dagoz lurperatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu