'Arnasguneetako' hizkuntza ohiturei buruzko sormen lanak ondu ditue ehunka gaztek

Bizkaie! 2023-11-20 12:19   Kulturea

Sariak emoteko ekitaldia zemendiaren 22an egingo da Zarautzen.

Arnasetik bide-sormenezko lehiaketearen bigarren edizinoak erantzun bikaina izan dau. Bertan, euskerearen arnasguneak osotzen dituen udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gazteek hartu dabe parte eta euskereari lotutako gaien inguruko 112 bideo sortu ditue guztira. Sormen ariketa horren bidez, aukerea izan dabe hareen hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzeko, bai eta balioan jarteko be arnasguneek euskerearen bizibarritze prozesuan daben garrantzia. “Arnasetik” lehiaketea Arnasa Gara ekimenaren parte da; ekimen hau 2018an jarri eben martxan, Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAK babestuta eta, besteak beste, helburua da euskerearen arnasguneetako herritarrak ahalduntzea eta arnasguneak autortzea euskerearen herriari egiten deutsen ekarpenagaitik.

Edadearen arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakotxean aurkeztu beharreko lanak ezbardinak izanik: LH 5. eta 6. mailako ikasleek euren udalerriak zelakoak diran deskribidu ditue euren lanetan, beti be udalerriak euskerearen aurrean dauenn atxikimendua nabarmenduz. Promozino-bideo bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti...) aurkeztu ditue lanok: Danetara, 34.

DBH 1. eta 2. mailako kategorian, barriz, ikasleen zeregina bestelakoa izan da: Euren udalerrietako esamolde edo berba berezienak azaldu behar izan ditue umorezko bideoen bitartez. Danetara, 63 lan jaso dira, euskalkien aniztasunaren lekuko.

Azkenik, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek bideo bana sortu behar izan dabe, Nahia Sillero eduki sortzaileak grabautako bideo bat eredu hartuta. Hareen erronkea izan da euren aisialdiko egun oso bat irudikatzea edo programetea, euskal kulturea eta euskal ekimenak ardatz hartuta. Danetara, 15 lan jaso dira kategoria honetan.

Jasotako lanak ikus hemen

Kontuak kontu, Arnasetik sormen lehiaketearen sariak emoteko ekitaldia zemendiaren 22an egingo da Zarauzko Modelo Aretoan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Nahia Sillero aktore eta eduki sortzailearen gidaritzapean. Kategoria bakotxeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emongo jake eta sari hori trukean erabili ahal izango dabe Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastetako. Sari banaketaz gan, sorpresa ugari be izango dira Modelo Aretoan, besteak beste, Deñe musikariaren emonaldia.

Kategoria bakotxeko finalisten zerrendea:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

- Arbizu eta euskara, Aizarnako Eskola (Zestoa, Gipuzkoa).

- Pulunpa-rapa, Pulunpa ikastetxea (Ituren, Nafarroa).

- Euskara ikasteko gomendioak, Samaniego ikastetxea (Tolosa, Gipuzkoa).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei jagoken kategorian:

- Esamoldek, aspaldiko gurek, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa).

- Gaur egungo gazte hok, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa).

- Axkottiko epaitegia, Azkoitia BHI (Azkoitia, Gipuzkoa).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei jagoken kategorian:

- Arnasgunea, La Salle ikastetxea (Zarautz, Gipuzkoa).

- New Yorketik Euskal Herrira, Beasain BHI, Txindoki (Ataun, Gipuzkoa).

- Deika, Salbatore Mitxelena (Zarautz, Gipuzkoa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu