2023ko Mendi Tour zirkuitura 14.000 ikusle batu dira

Bizkaie! 2023-11-20 07:40   Zinemea

Ikusleak igaz baino % 25 gehiago izan dira.

LiƩbana-Picos de Europakoagaz, Potesen, zarratu da joan dan astegoienean Mendi Tour denporaldia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendiko zinemagintza onenaren eskaintza ibiltaria, 2023ko Mendi Tour zirkuitua, Euskal Herrian hasi eta Espainia osoan zabaldu da beste behin. Danetara, 53 uri edo herritan eskaini dira proiekzinoak (igaz 46 izan ziran), eta 14.000 ikusle batu ditu, igaz baino % 25 gehiago.

Zine eta kultur aretoetako pantaila handietan, topagunea, horixe izan da Mendi Tourraren 13. denporaldia. Ate joka dagoan abenduko hitzordu nagusiaren aurrekari bikaina: Abenduaren 8tik 17ra egingo da 16. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia Jaialdia, 10 eguneko mendiko zinema jaialdia.

Urtarriletik bagilera eta irailetik zemendira, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eta Errioxa, Kantabria, Galizia, Gaztela eta León, Madril, Valentziako Erkidegoa, Katalunia, Aragoi eta Kanaria Handian ikusi dira Mendi Filmeko pelikula onenak: Everest Sea to Summit, This is Beth, Egoland, Adrenaline Sucks, New Way Up, Iretargi, Agur Artzai, Doo Sar, De l’ombre à la lumiére, An Accidental Life edota Yhabril: el buscador de luz, lako pelikulak, mendiko zinema eskaintza zabala eta erakargarria eskaintzen dau Mendi Tourrak, kalidaderik onenekoa.

Mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituan zinemagintzea idartsu dabil. Pelikulen kalitatea eta maila sekulakoa da, eta geroz eta ikusle gehiago dira horrek erakarrita Mendi Zale diranak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu