'Ikastolak Loran Mila Koloretan' liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2023-11-16 08:01   Kulturea

Bilbon sortutako ikastolak eta ordutik egungo eredura arteko bidea ikertzen da liburuan.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Ikastolak Loran Mila Koloretan liburua aurkeztu dau udaletxeko Arabiar Aretoan, Labayru Fundazinoko zuzendari Igone Etxebarriagaz batera.

Labayru Fundazioak argitaratutako lanak, Bilboko Udaleko Euskera Zuzendaritzearen laguntzinoagaz, uriko ikastolen jatorria, sorrerea eta lehen urratsak jasoten ditu.

Ekitaldian, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko zinegotzia be egon da.

Bestalde, gonbidatuen artean, ikastolak sortzeko mobimentuan parte hartu eben familia eta arduradun batzuk be egon dira. Gonbidatu horreen amesa zan frankismoaren azken hamarkadan umeei hezkuntza euskalduna eta euskeraz eskaintzea.

Juan Mari Aburto alkateak euskerea, euskal kultura eta transmisinoa euren jomugan dagozala gogoratu dau, eta Labayrugaz urteetan behar egin dabela hainbeste egitasmotan helburuok beteteko.

Igone Etxebarriak lana egiten parte hartu dau eta lagundu daben guztiak eskertu ditu. Alde batetik historia hori kontau beharra igarri dau lekukoen aldetik. Ganera, persona horreek badoaz eta garrantzitsua da euren testigantza zuzena hartzea.

Idea batzuk azpimarratu ditu Igonek lana egin ahala ondorio moduan hartzekoak diranak: 50-60ko kultura-mobimentua ezin da ulertu gerra aurreko Pizkundeko giroa kontuan hartu barik; Xabier Peña izentetan dabe danek ikastolak sortzeko lehenengo eragiletzat; gurasoen eta andereñoen indarra eta kemena goraipatzekoa da; gizartean sare zabala egoan diruz eta lanaren bitartez laguntasuna emoteko; emakumeen ekina eta lan antolatua azpimarratzekoa da; izatez urietako mobimentua izan zan gehiago herrietakoa baino, gero danera zabaldu bazan be; Eleizearen babesa ezinbestekoa izan zan, euskal katekesi modura sortu ziran eta ikastola gehienak, eleiza eta konbentuetako lokaletan (San Nikolas, Iralabarriko frantziskotarrak, Karmelo, Deustuko parrokia eta pasiotarrak…).

Hasiera-hasierako eskoletako ikasleak eta irakasleren bat alkartzeko une egokia izan da. Eta ordukoek egindako lanari daukan balioa emotekoa be bai.

Kontuak kontu, Ikastolak Loran Mila Koloretan liburua ikerketa-lan bat da. XX. mende hasierako kultura-testuingurutik abiatzen da eta irakurleei azaltzen deutse zelakoak ziran gerraosteko lehen kultura-jarduerak, zelakoak euskerearen aldeko erakundeak, zer jazo zan Bilbon eskolak euskeraz emon ziran lehen ikasturtean (adibidez, San Nikolasen eta Lauron) eta zelan ezarri zan erakundea egun daukagun ikastolaren eredu barrira heldu arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu