Turkiako Ebru Baybara chefak irabazi dau Basque Culinary World Prize Sariaren 2023ko edizinoa
2023-11-15 13:42 KultureaGastronomiaren bidez, kultura-integrazinoan laguntzeagaitik.
Gizarte-garapenaren eta biodibersidadearen alde eginez, baita hamarkada bitan zehar eskualdeko migrazino-krisian, klima-aldaketearen aurrean lurzoruen bizibarritzean edo Turkian izandako lurrikarea lako tragediek eskatzen daben laguntza humanitarioan parte hartzeagaitik.
Basque Culinary World Prize sari bakarra da, mundu mailakoa, Eusko Jaurlaritzeak (Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan) eta Basque Culinary Centerrek (gastronomian aitzindaria dan erakunde akademikoa) emoten dabe. Sariak askotariko arloetan (barrikuntza, teknologia, hezkuntzea, ingurumena, osasuna, elikagaien industria eta garapen sozial eta ekonomikoa) nabarmentzen dau ekimen eraldatzaileak martxan dituan chefen lana.
Ebru Baybara
Chef turkiarrak jaso dau saria, gastronomia mailatik ekinez Mardin-en (Siriako mugatik gertu) integrazino kulturalean laguntzeagaitik eta gizarte-garapenaren eta biodibersidadearen alde egiteagaitik.
Baybarak bat egin du kulturen arteko integrazinorako eta lan-munduan sartzeko espazioak finkatzen laguntzen daben ekimenakaz, batez be errefuxiatuei eta lekualdatuei zuzendutakoen kasuan eta zeharkako konpromiso bat hartu dau beregan, eskualde aztoratu edo mobidu batean ulermena eta bizikidetzea hobetzeko.
Zezeilaren hasieran Siria eta Turkia astindu zituan lurrikara tragikoak munduaren arretea erakarri eban; bederatzi hilebete aurrerago, premina biziko laguntzinoa nahitaezkoa da oraindino. Ebru Baybara Demirrentzat, martxan eban lanaren jarraipena izan da laguntza humanitarioan parte hartzea eta milaka personari hondamendiaren erdian bizia beroa emotea, Gönül Mutfağı izenkoaren bitartez. Hamarkada bi baino gehiagoan, chefak bere inguruan eragina sortzeko moduak dibersifikau ditu, nazinoarteko erakundeakaz, tokiko gobernuakaz, erakunde publiko-pribatuakaz eta tokiko kooperatibakaz lan eginez. Turismo asko baina jatetxe gitxi zituan Mardin uriak eta han sukaldaritzea turismoagaz eta garapenagaz lotzen hasi eta bertako emakumeak beren sukaldeak (etxe historikoetan) edegitera bultzatu zituan, atzerritarrak elikatzeko; holan, lan-aukerak sortu zituen, eta eskaintza turistikoa sustatu.
Geroago, ACNUR eta FAO erakundeek sustatutako sukaldaritzako prestakuntza-programakaz bat egin eta errefuxiatuei lan-aukerak edegiten saiatu ziran. Gaur egun, From Soil to Plate nekazaritza-garapenerako kooperatibea sustatzen dau. Haren bitartez, eskualdeko boluntarioek bertako eta antxinako aleen (sorgül-a) produkzinoa eta konsumoa hobetzeko lan egiten dabe (xaboiak, marmeladak eta eskulanak egiteaz eta online merkaturatzeaz gan). Diyarbakırreko nekazari-merkatuetarako hondakin biodegradagarriak kudeatzen be laguntzen dau, baztertutako fruta eta barazkiak nekazaritzako ongarriak aprobetxetako helburuari eutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!