'Llamalo X', emakumeen desioa, Pabilioi 6ko oholtzan

Bizkaie! 2023-11-14 07:55   Kulturea

Zemendiaren 16an eta 23an.



Llamalo X antzezlana Pabilioi 6ra bueltauko da. Bagilaren 23an pase bat egin zan eta lana premisa pare bategaz ikusteko aukerea izan genduan: Entsegu orokorrera joan eta antzezlanari buruzko working progress batean parte hartzea. Entzuleen erantzuna oso ona izan zan, sarrera guztiak agortuz.

Aurreikusitako helburuak be bete ziran, iza be, publikoak sortzen egoan piezearen engranajeak ikusi, gozau eta ondoren barriketaldi bat eginez, holan, piezea egiten jarraitzeko daben inpresinoak eta hausnarketeak jasoteko. Orain bueltan dator, antzezlana behin betiko emoitzeagaz ikusi daigun.

Emakume batzuk aldizka batzen ziran emakumeagaz eta emakumeen desioagaz lotutako gaiak lantzeko. Lortutako datuak ardatz hartuta, eszenak inprobisetan joan ziran, testu batzuk eta dramaturgia bat sortuz eta, azkenean, 9 emakume gazte protagonista dituan antzezlan bat sortu zan.

Emakume LGTBIQ+ lagun talde bat euren arteko adiskidetasunean sakondu, esperimentatu, olgau eta tensino sexualak askatu nahi ditue orgia baten bidez: Orgia gizartearen fantasia sexual ohikoenetako bat da; oro har gizonezko txuri hegemonikoak irudikatua. Baina zelan izango litzateke orgiaren iruditegi patriarkal eta heterosexualagaz apurtzea, orgia hau errealidade bilakatuz?. Desio askatzaile hori sortze bidean egongo dira protagonistak. Baina ez dakitena da euren muga eta traba propioak gainditu beharko dituela.

Antzezlana Ainhoa Artetxek, Graciela Donizen laguntzeagaz zuzendu dauen lehen lana da, Lizar Begoñagaz batera biek sortutako testu batzuetatik eta dramaturgia batetik abiatuta. Orgia berezi honetako protagonistak Nagore Armental, Paula Brezo, Goizane Casado, Lara Hunting, Eva Laorden Madinabeitia, Nahia Martinez Gondra, Meri Moren, Carmen Valero, Mariñe Zeberio Diez dira.

Antzezlanak zemendiaren 16an eta 23an, eguenez, arratsaldeko 20:00etan izango dira. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean dagoz eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu