Durangaldeko Ikerlari Gazteentzat III. deialdia zabaldu dabe

Bizkaie! 2023-11-13 10:01   Kulturea

Lanak 2024ko apirilaren 8rako aurkeztu behar dira.

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartea jagotea, ikerketa eta zabalpenagazko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuari eutsiz sortu eban 2022an Durangaldeko Ikerlari Barrien Saria.

Euskerazko ikerketa eta dibulgazino lanak sustatu eta ezagutzera emongo dira, kategoria bitan: 18 urtera artekoak eta 19-35 urte bitarteko gazteak. Sariak 500 euroko eta 1000 euroko diru-ordainak izango da, kategorien arabera.

Nagusienen kasuan, Astola aldizkarian ikerketa lanaren laburpena argitaratzeko aukerea emongo jako irabazleari.

Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazino lana izan daiteke: Historia, gizartea, kulturea, hizkuntzea, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika zein bestelakoak. Lana euskera hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: Artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.

Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da eta talde lana bada, taldeko kide batek gitxienez bete beharko dau baldintzea.

2024ko apirilaren 8ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Egitasmo honek Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa jaso dau.

Aurreko deialdietako irabazleak

Lehenengo edizinoan, gazteenen kategorian ikus-entzunezko bi saritu ziran: Peio Martin Estevez (Zornotza) - Elkarrizketa amamarekin eta Ibone Gomez Tamayo (Zaldibar) - Euskal bidaiariak.

Nagusien kategorian, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaerea aztertzen dauen idatzizko ikerketa-lana izan zan irabazlea. Adrian Burgada Ereño (Durango) - Ibaizabal ibaia

Bigarren edizioan, lan bik jaso eben saria: Gazteenen kategorian Jokin Camarero Garaik (Durango) idatzitako Durangadeko Mitologia lana eta 19 urtetik gorakoen kategorian, Otxandion izan zen Garavilla S. A. arrain konserba fabrikeari buruzko ikerlana, Xixili Bengoetxea Llonak (Otxandio) idatzita.

Deialdi barriko oinarri guztiak Gerediaga Elkartearen webgunean dagozde konsultarako eta deskargetako hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu