Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar omenduko dau Baigorrin
2023-11-07 09:18 KultureaEuskaltzainburu ohiaren jaioterrian izango da gaualdia (Baigorriko Plaza Xokon), zemendiaren 10ean, 19:00retatik aurrera.
Euskal Kultur Erakundeagaz, Baigorriko Udalagaz eta Jean Haritschelhar Katedreagaz alkarlanean atondu dau gorazarrea Euskereren Akademiak.
Barriketaldian, Antton Curutcharry Euskal Elkargoko hizkuntza politikako arduradunak, Lourdes Otaegi EHUko irakasle eta euskaltzain urgazleak, Peio Jorajuria kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartuko dabe. Berbaldiak euskeraz izango dira eta aldibereko itzulpenak be ez dira faltako.
Jean Haritschelhar (1923-2013) Baigorriko seme, euskerearen begirale izenburuaren harian, euskaltzalearen bizitzea eta jarduna aztertuko dabe aitatu lau adituk.
Ondoren, Jean Haritschelhar iruditan gogoratzeko aukerea izango da, Euskal Kultur Erakundearen eskutik. Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendari ohi eta euskaltzain urgazleak INAren artxiboko bideo zati ezezagunak hautatu eta pasadizoz jantziko ditu hizlarien artean.
Finean, Baigorriko Haritzak (Jean-Louis Davantek Haritschelharri jarri eutson goitizena gogoratuz) gure hizkuntzearen alde egindako lan itzela gogoratzeko eta herri honi emondako lan adar barriak eskertzeko lekua izan nahi dau Baigorriko Plaza Xokon izango dan topaldiak. Berben bidez, artxiboko irudiak erabiliz, Baigorriko semea, literatura gizona, kazetako luma, edota euskaltzainburua izan zanaz gomutak konpartidu eta zor jakon ekarpen handia eskertzeko txokoa izatea da antolatzaileon helburua, senide, lagun eta euskarazaleen arteko giro gozoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!