Hitzetik Hortzera Señora Bertso Eskolan
2023-10-27 10:34 BertsolaritzeaBilboko Biran izango da asteon Hitzetik Hortzera Señora Bertso Eskolea ezagutzeko.
Hiru astetik behin, Bilboko Erronda kalea Señora Bertso Eskolearen kabi bihurtzen da: Oihana Bartra santutxuarrak egiten ditu gidari lanak Bira Kulturgunean. June Fernandezek eskatu eutson Bartrari emakumeen bertso-eskola bat sortzeko. Proposamenari heldu eta bertsotan egiten hasi nahi daben señorentzat topalekua sortu eben. Giro feministan eta umoretsuan batzen dira.
Señora Bertso Eskoleak baditu aurrekariak, izan be, Señora Sariketea edo Ahalduntze Bertso Eskola Feministea beharrean dabiz azken aldion. Kontuak kontu, bertsolaritzan sortzen daben ahiztatasunari eta babesguneari buruz berba egingo dau Bartrak, baita Señora Bertso Eskolan sortzen dan giroaz eta bera taldearen gidari lanetan transmitiduten eta irakasten saiatzen danaz be.
Oihana Bartragaz berba egiteaz gan, Señora Bertso Eskolako kideakaz berba egingo dau Mirari Martiarenak zapatu honetako Hitzetik Hortzeran. Bertso-eskola honetan daben esperientziari buruz galdetuko deutse Amaia Barasordari, Irati Altuzarrari eta Pili Llorenteri.
Aste honetako programan Jone Uriaren bertso jarriak izango ditugu. Diskursoez izeneko bildumea atondu dau algortarrak eta Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikariek lagunduta kantauko dau.
Lekunberriko eta Odietako bertsoak
Lekunberriko jaietako bertsoaldiak entzungo ditugu aste honetako programan: Maddi Soroak eta Olaia Soroak egin zituen gai-jartzaile lanak; bertsotan, barriz, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina ibili ziran.
Odietan egin ziran bertso musikatuak be ez dira faltako: Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal ibili ziran kantuan Iñigo Ibarraren esanetara, Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariek lagunduta.
Gogoratu: Hitzetik Hortzera, urriaren 28an, 21:00etan, ETB1en, baita EITB Nahieran be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!