Begoñazpi Ikastolea Panamako robotikako munduko finalean izango da
2023-10-26 12:29 KultureaLegoz egindako robota egin beharko dabe.
Bilboko Begoñazpi Ikastolak, Panaman zemendiaren 7, 8 eta 9an izango dan munduko robotikako lehiaketa entzutetsu eta zorrotzenetakoa dan mundu mailako finalean norgehiagoka jardungo dau. Zortzi eta 19 urte bitarteko neska-mutil gazteei zuzendutako Roboten Munduko Olinpiadea da hau, STEAM (Zientzia, Teknologia, Injinerutzea, Arteak eta Matematikak) trebetasunetan oinarrituta dago eta gazteak teknologia eta injinerutzara modu ludiko eta dibertigarrian hurreratzea dau helburu.
Begoñazpiko taldea, La Seu d'Urgellen (Lleida) izan zan Estaduko lehiaketea irabazi ondoren joango da munduko finalera. Taldean, Jokin Bernaola irakaslearen zuzendaritzapean, Batxilergo 1. mailan dagozan Galder, Amaiur eta Garazi ikasleak dagoz. Proiektua, Ikastolako hezkuntza etapa guztietako, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko eskola-curriculumean txertatuta dagoanez, nabarmena dan robotikearen aldeko jarrerearen barruan dago.
Programazinoan oinarri sendoa izanik, ikasleak parte hartzen daben lehiaketetan proponiduten deutseezan zenbait erronkatara egokituko dira. Oraingoan, RoboSports diziplinan lehiatuko dira. Horretarako, kirol-joko batean lehiatuko dan Legoz egindako robota egin beharko dabe. Ping-pong edo tenis antzeko kirolean, robotek pelota guztiak joko-zelaiaren beste erdian jarri beharko ditu.
Mundu osoko 38.500 ikaslek baino gehiagok parte hartu badabe be, 2.250 lagun joango dira nazinoarteko finaletara.
Ikasle taldeak ilusino handiz ekingo deutso zemendiaren 7, 8 eta 9an Panama Cityn egingo dan lehiaketeari. Berton, zientzia, robotika eta teknologiagazko pasinoa daben mundu guztiko gazteakaz egongo dira. Nazinoarteko giro horretan, ingelesez berba egingo dabe eta lehiaketaz gan, maila personalean zein akademikoan be onura handiak ekarriko deutseen esperientziatik ikasiko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!