Nuria Espert badoa
2023-10-25 09:30 KultureaAktore kataluniarra iragarri dauenez, muntaia hau izango da oholtzara eroango dauen azkena.
Nuria Espert-ek agur esango deutso Arriaga Antzokiari La isla del aire antzezlanagaz, doluari, familiari eta aldentzen gaituen sekretuei buruzko istorio femenino bategaz.
Arriagara egingo dauen bisiteagaz Bilboko ikusleei agur esango deutse agertokietatik.
Astegoienean, urriaren 27tik 29ra, Alejandro Palomasen La isla del aire antzezlanaren hiru emonaldi eskainiko dira Bilbon. Antzerkirako muntaia Mario Gasek zuzendu dau eta aktore kataluniar beteranoagaz batera, Vicky Peña, Teresa Vallicrosa, Clàudia Benito eta Candela Serrat antzezleak izango ditu lagun.
Obrearen beraren edertasunagaitik ez eze —doluari, familiari eta aldentzen gaituen sekretuei buruzko istorio femenino bat da—, ikusleentzako alderdi erakargarrienetako bat da Arriaga Antzokian azken aldiz ikusi ahal izango dabela, duda barik, azken hamarkadetako Espainiako antzerki-panoramako eszena-aktore handienetako bat izan dana. 88 urte dituan Nuria Espertek iragarri dau La isla del aire izango dala agertoki batean antzeztuko dauen azken muntaia.
La isla del aire oso proiektu berezia da, Alejandro Palomas egile kataluniarrak sortutakoa, bere ama hil ondoren egindako hausnarketatik ekinez. Egileak bidaia bat proponidu eban, poemetan, zuzeneko gomuta eta enparauetan eta, inork ikusi ez arren, hemen jarraitzen dauen amagaz darabilen alkarrizketan barrena. Poesia hori ardatz hartuta, zeozelan guztioi jagokun obra bat eregi dau, ezagutzen dogun erregistro batean hunkitzea lortzen dauelako. Dolua, nostalgia, ama baten usaina errekonoziduten doguz, baita harengandik hartzen doguna be, usain hori galdu ez daiten. Mario Gasen zuzendaritzapean ohikoa dan trebetasunak eta bost aktoreen interpretazino bikainek jarten dabe gainerako guztia, ikusleak hunkituko dituan La isla del aire antzezlanaren muntaia egiteko.
Sarrerak
- 13 eta 25 euro artean (beherapenagaz).
Arriagaren lagunek: % 25eko deskontua.
Taldeek, gazteek, 65 urtetik gorakoek, lanbakoek, familia ugariek eta % 33tik gorako ezintasuna dabenek: % 25eko deskontua.
Antzerki-arloko profesionalek: % 25eko deskontua.
Azken orduko deskontua (aitaturiko kolektiboentzat, Arriagaren lagunentzat eta taldeentzat izan ezik): % 50eko deskontua.
Azken orduko deskontua Arriagaren lagun gazteentzat: % 70eko deskontua.
Ezintasuna daben personek erruberadun jarlekua badarabilte: % 50eko deskontua (eszenaurreko palkoan eta laguntzaile bategaz).
Erosi sarrerak hemen edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!