MU-ko ikasle-talde batek sarrerak birsaltzeko plataforma bat jarri dau martxan

Bizkaie! 2023-10-24 13:39   Kulturea

Lidergo Ekintzailea eta Barrikuntza graduko zenbait ikaslek Rebel Tickets aplikazinoa plazaratu dabe.

Mondragon Unibertsidadeko LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Barrikuntza) graduko ikasleek aisialdiko sarrerak birsaltzeko plataformea landu dabe eta Rebel Tickets izena jarri deutse. Ikasle ekintzaile talde batek gradu-amaierako lanaren barruan eroan dau aurrera ekimena. Orain, eskuko telefonorako aplikazinoa dabiz jorratzen.

Instagrameko istorioen bidez gaueko aisialdiko sarrerak —diskoteketakoak, batez be— saltzen zirala ikusita, ikasleek aukerea aprobetxetea erabagi eta holan sortu zan Rebel Tickets. Egitasmoa gauzatuta, gazteek Bilboko, Bartzelonako eta Madrilgo gaueko aisialdiko sarrerak erosi eta saldu ahal izango ditue.

Aplikazinoa erosoa eta erraz eskuratzekoa da. Interesa dabenek jakinarazpenak jasoko ditue eta eragiketa guztiak segurtasunez egingo dira, iruzurrei aurre eginez. Esangura horretan, esperientzia gardena, fidagarria eta segurua bermatuko jake.

Eroslea eta saltzailea txat bidez jarri ahal izango dira hartu-emonetan, dudak zuzenean argitzeko. Horreek dira Rebel Ticketsen ezaugarrietako batzuk. Aplikazinoa laster egongo da deskargetako moduan. Bien bitartean, zerbitzua euren plataformearen bidez eskaintzen jarraituko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu