Deiadar Mendien Eguna urriaren 7an, Kolitzan
2023-10-03 10:51 KultureaEnkarterriko tontorrik berezienean egingo da.
Elezaharrak kontetan dauenez, Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragarteko adarraren soinua barriro entzungo da Kolitzan zapatu honetan, Deiadar Mendien XVIII. edizinora batzen diran personak orientetako. Enkarterriko tontorrik enblematikoenean egingo da aurton (Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Sollube eta Oiz) tontor batetik igaroten dan ospakizuna.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan atonduko dabe hitzordua: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda) –talde anfitrioia–, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Parte-hartzaileak Kolitza tontorrera igongo dira, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko asmoz, Balmasedako udaletxearen ondoko San Severino plazearen eta Enkarterriko mendiaren tontorrean dagoan San Roke baseleizearen arteko igoerako 6 kilometroak egin eta gero.
Bizkaiko antxinako tradizinoak gogorarazoten dituan jardunaldi horretan, egun horretarako berariaz egindako eta 2004tik, urtez urte, deiadar tontor ezbardinetatik lekualdatzen dan adarra erabilten da. Aurton, baseleizearen ondoan adarren soinua entzun eta gero, atontzaileek jai-gune txiki bat egokituko dabe tontorretik metro gitxira dagoan aterpean, musikea, jantza tradizionalak eta igoerea egiten dauenarentzako aperitibo txiki bat buztartuz. Jai giro horretan eta tradizinoak agintzen dauen lez, 2023ko kirol igoeraz arduratuko dan Balmaseda Mendi Taldeak lekukoa emongo deutso Bermeoko Sollube 707 klubeko ordezkariari, deiadar mendietako igoeren zikloagaz jarraituz 2024an Sollubeko igoerea atonduko dauen alkarteari.
Deiadar Mendien Eguna martxea klasiko bihurtu da daborduko mendizaleen eta euskal tradizinoen artean. Pandemiaren ondoriozko urte biko etenaren ostean Gorbeian egin zan azkenengo edizinoan, eguraldi txarra egon arren, ehundaka persona joan ziran Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen hitzordura. Egun haretan, une historiko bakotxean herritarrak okupau eta kezkatu dituen gaiak jorratzeko iraganean bizkaitarren ordezkariak Gernikako haretx sagraduaren ondoan jesarri eitezan egiten ziran deialdiak ekarri ziran gogora.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!