Bilboko Udal Musika Bandak 'Frantziako haizeak' kontzertua eskeiniko dau

Bizkaie! 2023-09-29 10:51   Musikea

Euskalduna Jauregiko denporaldi barriari emongo deutso hasierea, Juan de la Rubia organisteagaz.

Azkuna Zentroan denporaldiko lehen kontzertu biak eskaini ondoren, Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregiko kontzertu-zikloari emango deutso hasierea domekean, Frantziako haizeak izeneko saioagaz.

José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak gidatuko dau ikuskizuna eta horregaz batera Juan de la Rubia organistea ibiliko da Euskalduna Jauregiko organoa jotzen. Musika-tresna horrek 5.390 hodi ditu, 30 tonatik gorako pisua, 71 erregistro eta 30 kanpai, lau tekladutan eta pedalean banatuta. De la Rubia, Bartzelonako Familia Santuaren Basilikako organista titularra da eta 2020an jo eban lehen aldiz Euskalduna Jauregiko organoa.

Kontzertua, eszenatoki horretan egingo diran bederatzietatik lehena, igande honetan izango da, urriaren 1ean, 12:00etan. Saint-Saëns lako konpositore frantsesaren klasiko ezagunetatik hasi eta XX. mendeko banda-musikako emakumerik garrantzitsuenetariko baten doinuak entzungo dira, Ida Gotkovsky konpositorearen lanak, izan be, haren jaiotzaren 90. urteurrena da.

Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan dagoz salgai.

Hurrengo kontzertua

Nino Bravo gogoan izango da Bilboko Udal Musika Bandaren hurrengo kontzertua Euskalduna Jauregian. Iñaki Urkizu Bandaren zuzendariordearen gidaritzapean, eta Serafín Zubiri pianoan dauala, Esta será mi casa (Hau neure etxea izango da), Cartas amarillas (Gutun horiak), Noelia, Mi tierra (Neure lurra), Un beso y una flor (Musu bat eta lore bat)… tituluak joko ditue. Ahots bat eta garai bat gogorarazten dituan doinuak dira. Abeslari Valentziarra duela berrogeita hamar urte hil zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu