Gabriel Aresti Katedraren aurkezpena Bilbon

Bizkaie! 2023-09-27 07:52   Kulturea

Irailaren 27an arratsaldeko 18:00etan izango da Bizkaia Aretoan.

Gabriel Aresti idazlearen (Bilbo, 1933-1975) eragina handia izan zan euskal kulturearen eta literaturearen munduan 60ko hamarkadan eta 70eko hamarkadearen hasieran. Ikuspuntu literariotik bide aberats, original eta emonkorrak sortu zituan eta euskalduntasuna ulertzeko modu barriak edegi. Aresti bide urratzailea izan zan eta euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente dudabakoa.

Horregaitik, hain zuzen be, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak idazlearen izena daroan katedra bat sortu dabe, Gabriel Arestiren irudia eta obra belaunaldi barrien artean ezagutarazoteko.

Aurkezpen ekitaldi publiko honetan, hitzaldiak, olerkiak eta musikea tartekatuko dira. Hona hemen programea:

  • 18:00-18:05: Musika saioa, Pello Ramirezen eskutik.
  • 18:05-18:35: Edegera instituzionala. Ondoetorria eta aurkezpena Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordearen eskutik.
  • Katedraren aurkezpena, Patxi Jauristi Katedraren zuzendariaren eskutik.
  • Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saileko diputaduaren berbak.
  • Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorearen berbak.
  • 18:35-18:50: Olerkien irakurketa, Pello Ramirezen musikeak lagunduta.
  • 18:50-19:00: Musika saioa, Pello Ramirezen eskutik.

Eta, aurrerapen legez, hona hemen ekitaldian irakurriko dan poemetako bat:

Euskal Harria
Zerutik erori gabeko
harria,
ongi labratua,
maisu trebe txit trebe eta habil batek
landua,
oinarri,
gilzarri,
zimentarria,
(adoratzen zaitugu),
(ez zara eroriko),
(mila urte inguru da),
(euskaldunen artean),
arbolaren itsura emandako
harria,
ajola gabean landatu hindugun
itoginaren azpian,
eta ur-tantak
jan hau.
Hi,
arbola,
euskal harria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu