Euskerearen erabilera sustatzeko konpromisoa barritu dabe
2023-09-26 13:35 Euskerea berbagaiBilboko Udalak eta Euskaltzaindiak hamarkada bi daroez urian euskerearen erabilerea normalizetako eta zabaltzeko lanean.
Euskerearen erabilerea eta normalizazinoa sustatzea da Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur goizean sinatu daben lankidetza-hitzarmenaren xedea. Euskaltzaindiaren egoitzan izan da sinatzeko ekitaldia, Bizkaiko uriburuko Plaza Barrian.
Urtero, Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen hau sinatzen dabe, Bilbon euskerearen garapenaren eta sozializazinoaren alde alkarregaz lan egiteko konpromisoa jasoten eta formalizetan dauena.
Agiriak ekimen ugari ezartzen ditu, halan da ze, hizkuntzearen arloko aholkularitzea, hitzaldiak, kultur jarduerak eta hizkuntzea bizibarritzeko eta euskal kulturearen zabalkundea eregiteko jardunaldiak. Aurtengo ekintzen artean, nabarmentzekoa da Lautan Hiru euskerazko antzerki-jaialdiari emondako bultzadea.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak hamarkada bi daroez elkarregaz lanean urian euskerearen erabilerea normalizetako eta zabaltzeko lanean.
Andres Urrutiak adierazo dauenez, Euskaltzaindiak euskerearen ikerketa eta sustapena ditu helburu, eta horreek beteteko tresna eraginkorra da aspalditik dauan alkarlan hau. Kasu honetan, Bilboko egunerokotasunean euskerea sustatzeko erabili dogu hitzarmen hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!