Kalderapekora helduko da V. Lautan Hiru antzerki-jaialdia

Bizkaie! 2023-01-24 13:15   Kulturea

Uriko beste lau lekutan be egingo dira saioak, zezeileko eguen guztietan.

Zutunik, Koldo Narbaiza, Patxo Telleria, Andres Urrutia eta Mikel Martinez; makurtuta, Lutxo Egia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Formatu txikiko antzezlanak herritarrei hurreratzea eta euskerazko antzerkigileei ikusgaitasuna emotea dira Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren asmoak, Bilboko Zazpi Kaleen inguruan beti. Bertako hainbat eragile batu dira bosgarren edizinoa atontzeko, Bilboko Udala eta Euskaltzaindia buru, auzoko kulturgune txikien laguntzinoagaz. Lankidetza horri esker, bederatzi saio egingo ditue zezeileko lau eguenetan (2, 9, 16 eta 23an).

Aurtengo barritasunetako bat da aurreko edizinoetako lau agertokiei beste bat batu jakela aurten. AEK-ren Kalderapeko da, tabernea, jatetxea eta oholtza txiki bat ipinteko lekua dituan gunea. Beste laurak Bira Kulturgunea, Cafe Bar Bilbao, Euskaltzainidaren egoitzea eta 7Katu gaztetxea dira.

Dramaturgia jorratuko dabe bosgarren edizinoan, antzezlanetarako testuak ondo lantzea ezinbestekoa dalako kalidadezko obrea egiteko. Formatu txikiko edo teatro arineko lanak ikusi ahal izango ditu publikoak, tartean sei antzezlan. Barriketaldi taularatua, irakurraldi dramatizadua eta Ganbila bildumearen aurkezpena dira beste hirurak.

Lautan Hiru jaialdiaren beraren ekimenez egindako produkzinoak dira proposamenetako bi: Dramaren komeriak deseraikitzen barriketaldi taularatua, Matxalen de Pedrok gidatua eta Aizpea Goenaga, Jokin Oregi eta Eneritz Artetxe protagonista dirala; eta Patxo Telleriaren Txizatoki bat eszenatokian.

Bonuak 7 euroan dagoz salgai eta sarrera solteak 4 euroan. Biran eta Cafe-Bar Bilbaon erosi leitekez. Bonua erosi dabenen artean zozketak egingo ditue astero.

Ganera, igaz hasitako Ikusle Klubari eutsiko deutse aurtengoan be. EHAZE alkarteagaz lankidetzan, antzerkia barru-barrutik bizi izateko modua izango dau jenteak, zezeilaren 9ko 7Katuko Igaro obrearen kontura. Bezperan, klubeko kideak batuko dira, Maren Basterretxearen antzezlana jorratzeko eta esperientziak konpartiduteko.

Andres Urrutiak alkarlana oinarrizkoa dala azpimarratu dau jaialdiaren aurkezpenean, eta aurreko urteetan baino saio gitxiago egoteko arrazoiak azaldu ditu: ekitaldi gitxiago antolatzeko erabagia hartu dogu, kalidadearen mesedetan; halan da be, zaletuak asetuko dituen antzezlan eder eta mamintsuak programau dira.

Koldo Narbaiza zinegotziak, ostera, euskerea sustatzen dabizan erakunde publiko eta pribaduen arteko lankidetzea sendotzen dala uste dau. Guztion ahalegina behar da gure hizkuntzearen egoerea normalizetako, eguneroko eremu guztietan, aisian be bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu