'Colectivo Glovo'-k 'Alleo' aurkeztuko dau gaur Dantzaldia Jaialdian
2023-09-26 12:56 KultureaGuztira, bederatzi hitzordu izango dira Bilboko eta Bizkaiko espazio ugarietan.
2023ko Dantzaldia, Bilboko Nazinoarteko Jantza Jaialdiaren XXIV. edizinoa, gaur goizean aurkeztu dabe Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kulturea eta Kirol ahaldunak Bilboko Rekalde Aretoan. Hain zuzen be, espazio horretan bertan egingo da inaugurazinoa gaur arratsaldean (19:00). Galizian kokatutako Colectivo Glovo talde galego-portugesak Alleo lan laburra aurkeztuko dau eta sarrerak, doban izango dira. Esther Latorre eta Hugo Pereira konpainiako zuzendariek interpretatuako duoa da, eta horren ostean otordu informal bat izango da.
XXIV. edizinoan, jaialdiak omenaldi berezia egin nahi deutse mundu guztiko konpainietan formau, lan egin eta arrakasta izan daben, baina ibilbide profesionalean uneren batean etxera bueltatzea erabagi eben euskal artistei. Joan-etorriko bidaia hori egin daben eta oraindik bidean jarraitu arren Euskadin finkauta dagozen jantzari eta koreografo horiek ezagutzea da asmoa, adierazo dau Laura Etxebarria jaialdiko zuzendariak. Ibilbide artistiko garrantzitsua izateko, kanpora joan beharra dauala ideia kendu nahi dogu behin betiko.
Guztira, bederatzi hitzordu izango dira Bilboko eta Bizkaiko espazio ugarietan. Batzuetarako sarrerak erosi egin beharko dira eta beste batzuk dobakoak izango dira. Izan be, 2000. urtean sortu zanetik, Jantzaldiaren konpromisoa jende guztiari hurbiltzea izan da. Hain zuzen be, programauta dagozen hurrengo egunerako, urriaren 3rako, sarrera dobakoa izango da, izan be, Bilboko Museoaren eraikin zaharreko atarian 2022ko Ojo Crítico saria jaso barri dauen Chey Jurado Extremadurako jantzariak Samsara interpretatuko dau Javito Mariorekin batera. Ondoren, Ertzak-ek Otempodiz aurkeztuko dau. Asier Zabaleta koreografoak Mozambikeko jantzari bientzat, Fenias Nhumaio eta Deissane Machavarentzat, sortutako pieza da.
Irudia: Otempodiz (Ertza), Asier Zabaleta.
Urriaren 29an, Filipe Moreira portugesak Escuta lana ekarriko dau Deustuko La Fundición aretora, Jantzaldia atondu eta programatzen dauen espaziora. Isiltasunari buruzko obra da Moreirarena, eta erabat biluzik egingo dau. Zemendiaren 2an, leku berean, Oroitzen naiz filma proiektauko da. Zemendiaren 11n, barriz, Guggenheim Museoan Estévez / Paños y Compañía konpainiak Tríptico #1 lana aurkeztuko dau, Díaz de Garaio Esnaolaren koreografoagaz batera.
Astebete geroago, zemendiaren 18an, Jesús Rubio Gamoren Acciones sencillas ikuskizun barriaren Euskadiko estreinaldia izango da Barakaldo Antzokian. Rubio Europako egungo eszenan dagozen jantzaririk interesgarrienetakoa da. Olaia Valle jantzari bizkaitarraren presentzia nabarmenaz gan, Eurovisioneko azken edizinoan Espainiako ordezkaria izan zan eta azken Benidorm Fest lehiaketea irabazi eban Blanca Paloma abeslaria arituko da.
2023ko Jantzaldiak Azkuna Zentroan emongo deutso amaierea, eta hitzordu bi programau dira bertan. Lehenengoa, zemendiaren 23an izango da, Madrileko STOCOS Institutuak Oecumene lana aurkeztuko dau. Abenduaren 14an, Igor Calongeren Cielo Raso konpainiak Hâmaïkà lanak itxiko dau jaialdia.
Irudia: Hâmaïkà (Cielo Raso), Dani Blanco.
Ordainpeko ikuskizun guztietarako sarrerak (5,75 € - 20 € + gastuak) salgai dagoz dagozkien espazioen leihatiletan eta hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!