Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa, Durangoko Azokearen babesle izango da

Bizkaie! 2023-09-26 10:34   Kulturea

Lankidetza hitzarmenari esker euskal kulturearen aldeko bidelagun izango dira.

Beñat Gaztelurrutia, Nerea Mujika, Rosa Lavin eta Iñaki Nubla. | Ikusi handiago | Argazki originala



Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa, Durangoko Azokearen babesle izango da aurrerantzean. Konfederazioaren egoitzan eginiko bileran, Gerediaga Elkartearen izenean Nerea Mujika presidentea eta Beñat Gaztelurrutia koordinatzailea egon dira eta Konfekoop-en partetik Rosa Lavin presidentea eta Iñaki Nubla zuzendaria.

Nerea Mujikak adierazo dau hitzarmen garrantzitsua dala gaur sinatutakoa: Konfekoop-egaz oso eskertuta gagoz, hitzarmen honen bidez Durangoko Azokeari bultzadea emongo jakolako, izan be, euskal kulturearen plaza antolatu ahal izateko, babesleen partaidetzea be beharrezkoa da. Durangoko Azokea jente eta sektore ugarik egiten dau posible, besteak beste, sortzaileek, parte-hartzaileek, kulturzaleek, erakundeek, herri-mobimentuek, baita babesleek be. Eta, hain zuzen, babesleen konpromisoa ezinbestekoa da, azaldu dau Gerediagako presidenteak.

Iñaki Nublak, Konfekoop-eko zuzendariak, euskerea eta euskal kulturaren aurrean daben konpromisoa berretsi nahi izan dau: Eguneroko jardunean euskerea indartzea eta bultzatzea da gure helburuetako bat eta horretan gabiz. Bide batez, Gerediaga alkarteari gure esker ona emon nahi deutsagu, 1965etik, urtero-urtero, Durangoko Azokea euskalgintzearen abagune eta euskerearen eta euskerazko kulturearen erakustoki izateagaitik. Kooperatiben konfederazinoko presidente Rosa Lavinen arabera, hitzarmenari luzaroan eutsi nahi deutsagu: Ohore handia da Konfekoop-entzat Durangoko Azokako kolaboratzaile eta bidelagun izatea eta espero dogu gaur formalizetan dogun lankidetzea ibilbide luzekoa izatea.

1.400 kooperatibako sarea

1996an ipini eben martxan Konfekoop. Dagoeneko 1.400 kooperatibak osotuta, hainbat ardatzen inguruan egiten dau lan, besteak beste, orientazinoa, alkar-lankidetzea, parte-hartzea eta alkartasuna. 2030 Agendeagaz bat egiten dau, indar berezia emonez genero bardintasunari, garapen jasangarriari eta hazkunde ekonomiko inklusiboari. Gainera, ordezkariek azaldu dabenez, konfederazinoak euskal kulturea bultzatzeko jarrerea dau. Hori dala-eta, hemendik aurrera Durangoko Azokearen babesle izateko erabagia hartu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu